Protestak hasi dituzte Indesako langileek
Gutxieneko soldata baino ez dute kobratzen, eta lan zama handiak dituztela salatu dute. through Alea.eus
“Soldata diskriminazioa” salatu dute Indesako langileek. Larunbatean lehen kontzentrazioa egin zuten Gasteizko Loma Jeneralaren plazan. Adierazi dutenez, langileek gutxieneko soldata baino ez dute kobratzen –900 euro–, eta enpresak ez du aldez aurretik langileekin adostutako igoera ezarri nahi izan. Protestan sindikatu guztien babesa izan zuten: ELA, LAB, UGT, CCOO, USO eta ESK.
Gainera, gogoratu zuten Jose Luis Cimiano Ogasun diputatuak apirilean adierazi zuela Indesak bere zorra zerora murriztu duela. “Zorra kitatu du soldatak bere horretan utzita, ordezkapenik egin gabe, makineria berritu gabe eta lan kargak handituz”. Azpimarratu dutenez, ezintasunen bat duten kolektiboa kaltetzen ari da Indesa, eta denboran mantentzen ari den egoera da.
Indesak gizarte-etxeetako eta egoitzetako garbiketan, ospitaletako arropa garbiketan, egoitzetako eta eskoletako janaria prestatzen, lorezaintzan eta beste enpresa batzuentzat zerbitzuak eskaintzen ditu.
Irailean mobilizazio gehiago egingo dituzte “prekarietatea eta soldata murritzak” salatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!