Pilota, Serviniren teilatuan
Baikor agertu dira Kereila Argentinarra Sostengatzeko Estatuko Koordinakundeko kideak Maria Servini epaileak Martin Villa ministro ohi frankista prozesatzeko hartu behar duen erabakiaren inguruan. Iragan astean deklaratu zuen, lehen aldiz, Argentinako Kereilaren barruan, Francoren diktadurako arduradun batek. through Alea.eus
Guztira 12 homizidio eta ehunka zauritu, ministro gisa haren agindupean zeuden segurtasun-indarrek edo haien laguntza edo babesa zuten eskuin muturreko indar parapolizialek eragindakoak. Krimen horiek eraman dute Rodolfo Martin Villa justiziaren aurrean. Halere, trantsizioaren eredugarritasuna nabarmendu nahi izan du ministro ohi frankistaren inguruak itaunketaren aurreko egunetan, eta Martin Villak berak bere defentsan argudiatu du ezin dela “genozidio” egoera bati buruz hitz egin trantsizio garaian. Bere errugabetasuna aldarrikatu du, nahiz eta aitortu Gasteizko martxoak 3ko sarraskian “akats larriak” izan zirela, baita pertsonen eskubideak urratu zituzten “jokabide polizialak ere”. Akusazioaren abokatuek, berriz, berretsi dute Martin Villaren aurkako kereila ez dela trantsizioari buruzkoa, gizateriaren krimenekin zerikusia duten gertaera oso zehatzei buruzkoa baizik.
Are gehiago, Argentinako kereilaren legelarien arabera, Franco diktadorearen ondorengo gobernuek “armek ezarritako diktadura frankistaren arkitektura errepresiboa, krudela eta odolzalea” mantendu zuten, eta Martin Villa gobernu horien parte izan zen. “Estatuko segurtasun-indarretan, estamentu militarrean, epailetzan, fiskaltzan, botere politikoan, ekonomikoan eta abarretan ez zen garbiketa txikiena ere izan”.
Beraz, talde juridikoaren aburuz, “arkitektura errepresibo” horrek diktadorea hil ondoren “zibilen aurkako eraso-dinamika sistematiko batekin jarraitu zuen”. Akusazioaren iritziz, testuinguru horri esker uler daiteke Martin Villa gizateriaren aurkako krimenengatik auzipetu izana: “Izan ere, diktadura frankistaren jarraipena baino ez da bera segurtasun-indarren arduradun nagusia zenean jazo zen indarkeria”.
Froga “sendoak”
Hainbat urtetako ikerketetan, testigantza zuzenetan eta dokumentazioetan oinarrituta dago Martin Villaren kontrako akusazioa, eta txosten horiek teknikoki “sendoak” direla azpimarratu du Luis Suarez-Carreño Ceaqua Kereila Argentinarra Sostengatzeko Estatuko Koordinakundeko kideak. “Ez dira akusazio arinak edo inprobisatuak; Argentinako instrukzio-epaitegiak ez luke Martin Villarena bezalako inputaziorik onartuko, baldin eta aurkeztutako espedienteek ez balute zantzuen eta frogen sendotasuna”.
1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Espainiako Poliziak hil zituen Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Pedro Martinez Ocio, Jose Castillo eta Bienvenido Perearen hilketaren ardura leporatzen diote Martin Villari; lehenengo biak han bertan hil ziren, azken hirurak geroago, han jasotako zauriengatik. Urte berean jazotako beste hiru hilketetan ardura izatea ere egozten dio akusazioaren abokatu-taldeak: Hondarribian Guardia Zibilak erail zuen Jose Maria Zabalarena eta faxista parapolizialek Santurtzin hil zuten Maria Norma Mentxakarena. Halaber, 1977an jazotako beste hiru krimen daude Servinik aztertu beharko duen dokumentazioan: Guardia Zibilak Errenterian hil zuen Rafael Gomez Jauregirena; Polizia Armatuak Iruñean hil zuen Jose Luis Cano Perezena; poliziek torturen bidez Bilbon hil zuten Francisco Javier Nuñezena; eta faxista parapolizialek Madrilen manifestazio batean hil zuten Arturo Ruizen kasua. Azkenik, 1978an, Espainiako Poliziak IruÒean tiroz hil zuen German Rodriguezen auzia dago tartean.
“Ez da ahaztu behar –esan du Suarez-Carreñok– Gasteizko eta Iruñeko kasuetan, hildako horiez gain, ehunka pertsona zauritu zirela, eta horietako asko Poliziak tirokatu zituela”. Azpimarratu du, gainera, krimen gehienek zigorrik gabe jarraitzen dutela. “Errudunetako batzuk zigortuak izan badira, berehala atera dira espetxetik edo ihes egiten lagundu diete”.
Hamar eguneko epea luzatu daiteke
Iragan asteko osteguneko galdeketaren ostean, hamar eguneko epea du Maria Servini de Cubria epaile argentinarrak erabaki bat hartzeko, baina epeak luza daitezkeela ohartarazi du akusazioaren abokatu-taldeak. Servini epaileak hiru aukera ditu. Eduardo Fachal frankismoko biktimen abokatuak azaldu duenez, auzia artxibatu dezake. “Orduan guk errekurrituko genuke; prozesu judizial honetan amaieraraino joango gara”, esan du Fachalek. Bigarren aukera da auzipetzeko froga nahikorik ez duela ebaztea Servinik. “Martin Villak inputatuta jarraituko du, eta froga gehiago aurkeztu beharko genituzke auziak aurrera egiteko”. Azkenik, Martin Villa auzipetzea erabaki dezake epaile argentinarrak.
Prozesamendu bat egonez gero, atxiloketa bat eta estradizio izapide bat hasi beharko lirateke. Alta, Fachalek ez du uste espetxealdi prebentiborik edo estradiziorik erabakiko denik, bederen ahozko epaiketa egin arte, “errugabetasun-presuntzioaren printzipioa lehenesten baita”.
Argentinako Kereila sustatu duen taldeko kide Telam Adrianak adierazi du baikor eta itxaropentsu daudela prozesamendu bat lortzeko aukerarekin. “Nolanahi ere, uste dugu urrats handia egin genuela Martin Villak gizateriaren aurkako delituengatik deklaratzea lortu genuenean. Oso garrantzitsua da gertatu dena”.
Argentinako Kereilan, munduan Espainiako diktaduraren krimenen aurka zabalik dagoen auzi bakarrean, Martin Villa eta beste 18 kargu frankista inputatu dituzte, justizia unibertsalaren izenean. Ondorengo gobernuek eta Espainiako epaileek eragotzi dute ministro ohiaren eta gainerako akusatuen estradizioa. Aurten, hamar urte bete dira kereila tramitatzen hasi zenetik, eta pasa den astera arte frankismoko inork ez da epailearen aurrean agertu.
Oztopoak eta atzerapenak
Denbora luze horretan Espainiako Estatuak “prozesu judiziala oztopatzen” egin duen lana salatu dute Martxoak 3 elkarteko kideek. Nazio Batuen Elkarteak ere behin baino gehiagotan eskatu dio Espainiari gizateriaren aurkako ustezko delituen erantzule frankistak epaitzeko –edo epaitzen uzteko, behintzat–.
Martin Villaren kasuan, 2014. urtean eskatu zuen Servinik ministro ohi frankistaren estradizioa Argentinara, bertako epaitegietan deklarazioa hartzearren; helburu berarekin, atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen epaileak. Halere, 2015ean, Espainiako Kongresuak estradizio eskaera atzera bota zuen, eta atxilotzeko agindua bertan behera utzi zuen.
2016an, berriz, epaile argentinarrak deklarazioa Espainiako epaitegietan hartzea eskatu zuen. Eskaerari erantzunez, Espainiako Fiskaltza Nagusiak betebeharreko zirkular bat igorri zien estatuko fiskal guztiei, hain zuzen Argentinako epaitegitik iristen ziren eskaerak atzera botatzeko; agindu horri jarraiki, Madrilgo 28. instrukzio-epaitegiak ezezkoa erantzun zion Serviniren eskaerari. 2018an Auzitegi Nazionalak ere uko egin zion Martin Villaren deklarazioa bertan hartzeko eskaerari, eta Argentinako epaileari esan zion Argentinako enbaxada edo kontsulatuak erabili zitzakeela itaunketa egiteko. Hartara, 2019an Servinik enbaxadan deklarazioa hartzeko eskaera egin zuen. Iragan astean egin zen galdeketa, telematikoki. Madrilgo Argentinako kontsulatuan izan da ministro ohi frankistak justiziaren aurrean egin duen lehen agerraldia.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!