Palestina: EHUko Klaustroaren gehiengoaren eskaera EHUko zuzendaritzari
"Unibertsitate komunitate moduan Palestinako herriari egin diezaiokegun elkartasun ekarpenik onena EHUk Estatu israeldarrarekin inolako harremanik ez izatea da" through Alea.eus
Palestinako herriaren kontra Israelgo Estatua garatzen ari den sarraskiaren aurrean ezin dugu geldirik geratu, arrangura hutsen artean. Gazako unibertsitate sistema desegin dute guztiz, eraikinak txikituta eta unibertsitateko milaka langile zein ikasle erailda edo zaurituta, eta, kasu gehien-gehienetan, etxerik gabe utzita. Edozein kasutan, Gazako akademia- eta ikerketa-sistemarekin egin dutena Gazan sortutako hondamendiaren parte txiki bat baino ez da.
Gazako (eta Zisjordaniako) triskantza ezin dugu hemendik gelditu, baina gure esku dagoena egin dezakegu, mundu osoan zehar Palestinari elkartasuna adierazteko eta sionismoaren sarraskia salatzeko egiten ari diren ekimenetara gehitzeko. Zentzu horretan, unibertsitate-komunitate moduan Palestinako herriari egin diezaiokegun elkartasun-ekarpenik onena EHUk Estatu israeldarrarekin inolako harremanik ez izatea da.
“Gazako (eta Zisjordaniako) triskantza ezin dugu hemendik gelditu, baina gure esku dagoena egin dezakegu”
2005ean Palestinako 187 elkartek publiko egin zuten adierazpen bat non Israelgo Estatuak aplikatzen duen apartheidarekin bukatzeko Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak kanpainan parte hartzeko deia egin zioten munduko gainerako herri eta eragileei (irakurri BDZ adierazpena: https://bdsmovement.net/). Palestinatik bertatik egindako nazioarteko ekimen hori kontuan hartuta, EHUko klaustrokideok, EHUko komunitatearen ordezkari garen heinean, Israelgo Estatuko erakunde, enpresa, unibertsitate eta ikerketa zentroekin EHUk harremanik ez izateko eskakizuna egiten dugu, eta horrela eskatzen diogu EHUko zuzendaritzari.
Era berean, euskal jendarteari plazaratzen diogu adierazpen hau, Palestinari begira EHUko komunitatearen ekarpen moduan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!