Martxoaren 3ko bisitak berriro martxan
Dagoeneko 5.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte Zaramaga auzoaren bihotzean egiten diren bisita gidatuetan. Ikasturte berrirako webgune berria eta ikastetxeekin harremanak martxan jarri ditu Martxoak 3 Elkarteak. through Alea.eus
Azken urteotan, Martxoak 3 Elkarteak “memoria gazteei transmititzeko” ekimen ezberdinak bultzatu ditu ikastetxeetan, besteak beste, hitzaldiak, proiekzioak eta 2014an sortutako unitate didaktikoak.
Azken hauek “inflexio-puntu bat” sortu zutela uste du elkarteak. 2016tik eskaintza handitu egin dela azaldu dute, Martxoaren 3ko Memorial elkarreragilea sortu zenetik, hain zuzen ere.
Bisita hauek hiru hizkuntzatan egin daitezke: euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez. Baldintza bakarra ezartzen du Martxoak 3 Elkarteak bisita gidatuak egin ahal izateko: “8 eta 35 pertsonen arteko talde bat izan behar da”. Hortik aurrera, edozeinek parte har dezake eta, gainera, bisita doakoa da.
Txaro Arrazola, Marta Gil, Veronica Werckmeister, Sandra Santos eta Irantzu Lekue artistek egindako artelanak ikus daitezke audiogida baten laguntzaz egiten den bi ordu inguruko ibilbidean. Audiogida horretan, Juan Ibarrondo idazle gasteiztarrak idatzitako kontakizun bat entzuten da.
Garai hartan aurrera eraman ziren borrokak ulertzeko “giro ezin hobea sortzen” dela azaldu dute Martxoak 3 Elkarteko lagunek. Azkenik, San Frantziskoko elizaren barruan amaitzen da ibilbidea eta hileta azaltzen duen bideo bat ikus daiteke bertan.
Memoriaren bulkada berriak
“Dinamika arrakastatsu honekin” jarraitu nahi duela jakinarazi du Elkarteak, “bisita berriak bultzatuz”. Horretarako, tresna ezberdinak darabiltzate: garrantzitsuena, memorialaren webgunea. Webgune honetan, Memorialaren inguruko informazio guztia eta erreserbak egiteko argibideak dituzte.
Bisita gidatu hauek “oraindik ibilbide handia” dutela azpimarratu dute, “Gasteizen zein beste lekuetan”. Izan ere, datuak oso onak direla azaldu dute: 2016an, 3.032 lagunek parte hartu zuten; 2017an, 876k; 2018an, 469k; eta 2019an, ekainera arte, 649k.
Guztira, beraz, 5.026 pertsona ibili dira Zaramaga auzoko memoria-lekuetatik. Besteak beste, fabrika, merkatua, eliza edota auzoko kaleak daude ibilbidearen barruan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!