“Martxa prekarioa” amaituta, borrokan jarraitzeko asmoa adierazi du Aiaraldeko Ernaik
“Martxa prekarioa” antolatu zuen Aiaraldeko Ernaik iragan astean. Antolakundeko kideek “oso positiboki” baloratu dute egitasmoa, “gazteen zein eskualdean borrokan dauden hainbat sektoreren arteko harremanak sortzeko” balio izan zuelako.
Euskal Herriko hainbat eskualdetan burutu ditu gazte antolakundeak mota horretako ekimenak, “Bizitzak biziarazi” lemapean. Gasteizen eman zioten amaiera kanpainari larunbatean.
Aurrera begira
Kanpaina amaitu duten arren, ildo horretan borrokan jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute Aiaraldeko Ernaiko kideek. Bi helburu nagusi dituzte esku artean. “Alde batetik, lan gatazketan murgilduta dauden sektoreekin harremana estutzen jarraitu nahi dugu”. Valvospain-Ituarte edota Tubos Reunidoseko langileekin garatutako harremanean sakondu nahi dute, besteak beste.
Horrez gain, martxa baino lehen aurkeztu zuten “gune prekarioen mapa” osatzen jarraitu nahi dute, “interneten dagoen txoko bat” izatetik “tresna erabilgarri” bat izatera pasa dadin. Lanbide Heziketako ikasleekin lan egin nahi dute horretarako, “mapa tresna erabilgarria bihurtu dadin gazte horiek egin behar dituzten lan-praktikei begira”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!