Irune Lujanbio (AFANIS elkartea): “Esperientzia zoragarria da haur sahararren harrera familia izatea.”
“Une honetan Marokorekin su etena dagoen arren, sahararren egoera oso gogorra da.”
Gasteizen egoitza duen AFANIS haur sahararren harrerarako familien elkartea 2005.urtean sortu zen. AFANIS osatzen duten pertsona guztiak boluntarioak dira. Gaurkoan Irune Lujanbio elkarteko kidea izan dugu Hizpidean eta “Oporrak bakean” izeneko egitasmoaren berri eman digu. “Oporrak bakean” egitasmoaren helburua, haur sahararrek udako oporraldia bizileku duten errefuxiatuen kanpalekuetatik kanpo eman ahal izatea da. Bizi-baldintzak mutur-muturrekoak dira han: elikadura eskasa, osasun baldintza kaskarrak eta klima bereziki gogorra, udan 55 ºCra iristen dena.
Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zen 1975era arte; Espainiak lurraldea eta bertako biztanleak euren kasa utzi zituen arte. Une hartan, eta Mendebaldeko Saharak dituen baliabide natural oparoen eraginez, Saharako herritarren kontrako gatazka belikoari ekin zioten Marokok eta Mauritaniak, Mendebaldeko Sahara konkistatzeko helburuarekin. Saharako armadak garaitu egin zuen Mauritania, eta gatazka hartatik baztertu egin ziren. Marokok Mendebaldeko Saharako alderik aberatsena konkistatu zuen, eta bertako herritar asko eta asko ihes egitera behartu zituen Aljeriarantz Marokoko armadak bultzatuta. Aljerian, Tinduf inguruetan kokatu ziren iheslariak, eta ihes egiterik izan ez zuten herritarrak mendean hartu eta giza eskubideen urraketa ugari pairarazi zizkieten eta pairarazten dizkiete, gaur egun oraindik, marokoarrek.
Gatazka baten eta euren herrialdearen bidegabeko okupazioaren biktimak diren haurrak dira uda Araban ematen dutenak. Harrera familia bihurtzeko, izen emate epea Martxoaren 27an amaitzen da.
Hemen entzungai.
-
Hizpidea: Irune Lujanbio (AFANIS elkartea): “Esperientzia zoragarria da haur sahararren harrera familia izatea.”00:07:53
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!