Osakidetza
Egunon lagunok! Espero dezagun egun ona izatea edo osasuntsu egotea behintzat, ea Osakidetzako gai honek ez digun jokoz kanpo harrapatzen!
Onartu behar dut ezustean hartu nauela, zer eta osasun-buru direnak haserre, protestan, aurpegia emanez, kamera aurrean,… orain arte ikusi gabekoa, nik gogoan dudala behintzat.
Ez dakigu zehazki haserrearen arrazoiak, edukiak zeintzuk diren, arrazoi orokor batzuk kenduta, baina ez dut uste edonolakoak izango direnik horrelako mobilizazioak burutzeko gai izan badira.
Guzti hau ez da egun batetik bestera egozten, eta are gutxiago horrelako kidego batean.
Aurrekoan entzun nion irratian horien ordezkari bati kaleratutako idatzian azpimarratzen zituzten gutxienezko hiru puntu azaltzen:
Lehendabizikoa eta beraientzat garrantzitsuena “pazienteena” zen. Euren ongizatea edo osasuna bermatu behar zen beharrezko pertsonalagoa eta bitartekoak jarriz. Gaur egungo hutsuneak eta gabeziak begi-bistakoak omen dira.
Bertikaltasuna aipatzen zuen bigarrenean. Onartezina beraien ustez; lanean jarduteko antolakuntza horizontalagoa aldarrikatzen zuen.
Hirugarrenean berriz, langileon lan baldintzen hobekuntza eskatzen zutela azaldu zuen.
Bukatzeko lehen mailako arretaren hobekuntza ezinbestekotzat jo zuen.
Bertikaltasunean eta lan baldintzetan ez naiz sartuko informazio gutxi daukadalako eta ezjakintasunean hobe isilik egotea. Baina pazienteei dagokienez eta lehen mailako arretan, ezin esan gabe utzi lehen pertsonan bizi izan ditugun utzikeriak, seriotasun falta eta hainbatetan luze joten duen pazienteekiko arreta falta (datak, itxaroteak, larrialdietako pilaketak,…)
Jakinda gainera, guzti hau langileen gain erortzen dela beraiek jasotzen dituztelako bezeroen haserreak eta gutxitan jartzen direla kexa idatziak eta salaketak.
Behin eta berriz entzun dugu pertsonalago falta dagoela, ezin direla denetara heldu, etabar luzea, beraz, gure aldetik, pazienteen aldetik badago zer leporatu eta zer exijitu arduradun politikoei.
Zarata gutxien ateratzen dugunok bezeroak garela uste dut, errez konformatzen gara, gaixotasunaren aurrean kikildu egiten gara. Bada espabilatzen joateko garaia, gure eskubideak defendatzeko garaia.
Hain beharrezkoak ez diren beste gauza batzuetarako dirua baldin badago, zergatik ez osasungintzara bideratzeko? Guretzat oinarri oinarrizko zerbitzua da, falta ezin dena eta baldintza hoberenetan eman beharko litzatekeena.
Urkullu jauna: ez da txantxetakoa!
Ez da ospitale edo lurralde zehatz bateko arazoa, ez, arazo orokorra da, orokortasunetik konpondu beharko dena.
Ondo izan!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!