Militanteak makinak ote gara?
Orain dela gutxi, militantzia ereduaren inguruko tailer batean, horrelako zerbait zioen esaldi bat irakurri nuen: iraultzaileok kapitalistak bezalakoak gara, jendearen onena ateratzen dugu eta gero ez gara beraien beharretaz kezkazten. Uste dut zehazki ez zuela hori esaten, baina azken urteetako zenbait gertakarien aurrean burura etorri zaizkidan hainbat ideiekin bat egiten zuen esaldi horrek.
Ez dakit, justu, esaldi horrek zioen bezala pentsatu izan dudan inoiz, baina askotan bai uste izan dudala, ahalik eta etekin gehien ateratzearen maxima erabiltzen dugula gehienetan antolakunde zein mugimendu sozial eta politiko ezberdinetan. Emaitzek dute garrantzia eta ez ordez, emaitza horiek lortzeko bidean geratzen edota gertatzen denak.
Argi dago, antolatzen bagara eta borrokatzen badugu irabazteko helburuarekin egiten dugula, helburu txikiak nahiz handiak izanda. Horretarako, garaipena eskuratzeko bidea ondo marrazteaz gain, hortik ibiliko garenon inplikazioa handia izan behar da. Bakoitzak ahal duen heinean, baina borroka bera bizitzaren zentralitatea bihurtzen.
Arazoa, nire ustez dator, askotan pertsonak erabiltzen ditugulako. Goian aipatutako esaldiak dioen bezala, beraingandik onena ateratzen dugulako eta hau posible ez denean baliogarritzat ez ditugulako hartzen. Borrokatzen dugun horretan akabatu nahi dugun horren kontrakoa sortzen hasi nahi badugu, ibilibidea egiten dugunean ere, berriaren hazia erein beharko genuke. Hau da, kapitalismo patriarkarrak langileok beraien probetxurako erabiltzen gaituela salatzen badugu eta irauli nahi badugu, guk sortzen ditugun harremanetan balore hauek eraldatzen saiatu behar gara. Eta beraz, militanteak, gure etekinerako bitarteko huts bat izango balira bezala tratatzeari utzi beharko genioke.
Zenbait praktika feministetatik, eta feminismotik orokorrean, honen inguruan idatzi eta praktikatu izan da. Azken urteetan zaintzaren kontzeptuari zentralitatea emanez, eta emakumeok militantziarekin aurrera jarraitzeko oztopo gehiago izatearen ondorioz, hau gainditzeko bitarteko praktikoak jartzen aspalditik. Horregatik, mugimendu feministan, perfil anitzeko pertsonak antolatuta ikustea ohikoagoa da.
Burutazio honen bitartez, mugimendu guztietan hausnarraraztea gustatuko litzaidake, baina idatzi eta eduki hauek gaur plazaratzen ditut gertakari zehatz batek berpiztu dizkidalako. Iñaki Bilbaok azken hilabeteetan daraman borrokaldiak eta honen aurrean egondako erreakzioek, beste egoeren aurrean pentsatu izan ditudan ideiak ekarri dizkidate burura berriro ere.
Euskal Herrian gatazka politikoa, konfrontazioaren maila, kaleko tentsioa asko aldatu da azken hamarkadan Ezker Abertzalearen barruan emandako estrategia moldaketaren ondorioz. Kualitatiboki oso sakonak izan diren aldaketak oso denbora laburrean. Honek aurreko eszenatoki politikoan bizi eta militatu izan genuen asko, bururik gabeko oilo bat bezala utzi gaitu zenbaitetan. Ordurako baloratuak ziren jarrerek eta izaera askok, ia ez dute hainbeste balio politikorik garai berrietan. Denon artean sortutako ondorio pertsonal eta kolektiboak, norberaren izateko modua moldatzea ekarri ahal izan dutenak, ez ditugu kolektiboki gainditzen.
Iñaki Bilbao, aurreko estrategia politikoaren ondorioz espetxeratu zuen etsaiak. Ardura politiko gehiago edo gutxiagoarekin, partekatu eta parte izan ginen guztiok Iñaki espetxean egotearen erantzunkizunaren parte bat dugu, eta bere askatasuna lortzekoarena, are gehiago. Horregatik, Iñakiren gose eta egarri grebak zentzurik ez duela publikoki esateak, aurreko estrategian baliogarria izan den militate hau gehiago bakartzea dakar, nire ustez. Hau dela eta, gogokoak ditut Renneseko emakumezko preso poilitikoen hitzak. Garai batean komunitate politiko bakar bat osatzen zutenen arteko egungo banaketak alde batera utzita, Iñakik herriari eman diona goraipatu nahi izan dute eta honekin batera haien kidea konsideratzen duten horri begirunea adierazi.
Itxaso Viñe
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!