Inkesta soziolinguistikoa
Hizkuntza gaitasunari dagokionez, EAEko 16 urtetik gorako %36,2a euskalduna da. 5 urtetan 2,3
puntu hazi da euskaldunen ehunekoa, ia 50,000 hiztun gehiago. Lurraldeka, euskaldunak %22,4 dira
Araban, %30,6 Bizkaian eta %51,8 Gipuzkoan. Euskaldun hartzailea da bost biztanletik bat.
Duela 5 urteko datuekin alderatuta, euskaldunak 3,2 puntu hazi dira Araban, 3 puntu Bizkaian eta 1,2
puntu Gipuzkoan.
Gune soziolinguistikoei erreparatuz gero, euskaldunen banaketa asko aldatuta azken 30 urteetan.
1.gune soziolinguistikoan (euskaldunak %25 baino gutxiago) euskaldunen herena bizi da, duela 30
urte baino 13 puntu gehiago. 3.gune soziolinguistikoan 6 puntu jaitsi da; eta 4.ean, ia 10 puntu. Hau
da, arnasguneetan euskaldun gutxiago bizi da, eta gune erdaldunduetan, gero eta gehiago. Euskaldun
gero eta gehiago gara, baina sakabanatuago gaude. Eta horrek erabilerari eragiten dio, noski.
Horregatik da horren garrantzitsua gune erdaldunduetako euskaldunak saretu eta ez sakabanatzea.
Haur euskaldunen kasuan berebiziko garrantzia du egoerak.
Erraztasunari dagokionez, euskaraz errazago moldatzen diren euskaldunak 7 puntu jaitsi dira 30
urtetan. Erdal elebidunak, aldiz, 6 puntu igo dira.
Lurraldeka, Araban euskaldunen %8,5a baino ez da hobeto moldatzen euskaraz gaztelaniaz baino,
Bizkaian ia %20a eta Gipuzkoan %38,7a. Erdal elebidunen nagusigoa ikusita, errazago ulertu daiteke
erabilera eta ezagutzaren arteko arrakala. Hiztun gazte euskaldun gehiago dago, baina hiztun hauek
hobeto moldatzen dira erdaraz.
Gurasoen transmisioari dagokionez, guraso biak euskaldunak direnean, transmisioa ia bermatuta
dago. Gurasoetako bat bakarrik euskalduna denean, aitzitik, transmisioa dezente jaisten da: 16–34 urte
arteko %57,4ak jaso du euskara, 35–64 urte artekoen artean %50,8ak baino ez, eta 65 urtetik
gorakoen artean, laurdenak. Guraso biak euskaldun berriak direnean %29ak erderaz baino ez die egiten nahiz eta euskaraz jakin.
Azkenik, hizkuntzarekiko jarrera eta atxikimendua aipatu nahi ditut, datu kezkagarriak azaleratu
baititu inkestak: EAEko biztanleen %22,7ak ingelesa ikastea euskara ikastea baino garrantzitsuagoa
dela uste du, eta %24,8ari berdin zaio. Irrati eta telebistan ere euskara gehiago izatearen aldekoak
erdia baino ez dira, eta %22,7ak ez du euskara gehiago nahi.
Laburbilduz, ezagutza aurrera doa, hiztun gero eta gehiago gune erdaldunduetako sakabanatuta bizi
gara, eta gero eta euskaldun gehiago garen arren, euskaldun horiek hobeto moldatzen dira
gaztelaniaz. Euskararekiko atxikimendua jaitsi egin da, eta ingelesa bezalako hizkuntzak euskararen
aurretik lehenesten dituztenak gero eta gehiago dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!