Hona bostekoa!
Gaur, entzule guztion baimenarekin, nire ekarpentxoa euskaraz ekarri dut Hala Bedi-ko uhinetara. Bai, Euskaraldian murgilduak gaude eta aho bizi txapa daramat soinean. Ezer baino lehen, ongi etorria ematea euskararen bultzada eta normalizazioaren alde proposatzen diren ekimen guzti-guztiei, ongietorriak beraz, Euskaraldia bezalako ekimenak gure herrira.
Baina hortik harago, kezkaz bizi dut gure hizkuntzaren oraina eta etorkizuna. Euskaraldia bezalako ekimenak ez direlako nahikoak, gure hizkuntzaren biziraupena ez bait dago, soilik, norbanakoen erabilera ohituren menpe. Euskararen biziraupena bestelako erabaki, ekimen eta mekanismoen menpe dagoela uste dut.
Hasteko herri kontzientzia indartsua behar dugu, Euskal Herria euskalduna irudikatu, amestu eta borrokatzen jarraitu behar dugu. Euskaltzale guztiok, baina baita ahalik eta euskal herritar gehienek ere. Euskarak egiten gaitu; egiten gaitu komunitate, egiten gaitu herri, egiten gaitu gu. Ez ni, ez nosotras, gu.
Euskararen etorkizuna bermatzea, halaber, bere garapena eta normalizazioa indartuko duten erabaki politikoak hartzea eskatzen du, nagusiki instituzio eta esparru juridiko-politikoetan. Batzuk ari dira erabaki politiko eta judizialak hartzen, egia da, baina euskararen kontra. Gogora ekarri nahi dut urte honen hasieran Laudion gertatutakoa. Udal langile batek, sei urteren ostean, eskatzen zen hizkuntza profila ez lortzeagatik ordezkatua izan eta gero, auzia tribunaletara eraman eta epaileak honako perlak bota zituen: «La Administración parece olvidar que el euskera ocupa la quinta posición de los idiomas más difíciles del mundo (en algunas listas aparece incluso el primero)», «la principal dificultad de esta lengua es que no comparte ninguna conexión con ningún otro idioma ya que ha evolucionado a lo largo del tiempo de forma aislada». Eta jarraitzen du: un cese como este debería estar justificado por «la imposibilidad para el desempeño del puesto» por una «falta de capacidad del funcionario que lo ocupa», cuando esta trabajadora «lo había desempeñado durante seis años sin que obren expedientes disciplinarios ni por falta de rendimiento».
Ba hori, betiko “edo langile ona edo euskalduna”. Beraz bai, batzuk ari dira, Nafarroako kasua nabarmentzekoa ere, euskararen kontrako diskurtso eta erabaki politiko eta judizialak hartzen egunero. Ezinbestean egoera horri aurre egiteko bestelako ikuspegi eta politikak behar ditugu instantzia politiko-instituzional eta judizialetatik. Behar dugu euskarak estatus ofiziala izatea Euskal Herriaren luze zabalean, behar dugu euskararen ezagutza unibertsala bilakatzea eta behar ditugu eraginkorrak izango diren hizkuntza politikak.
Ez dezagun ahaztu, Euskal Herria bere biziraupena jokoan duen herria da, bere hizkuntza jokoan duen herria da, herria gara. Azken urteetan garbi ikusi eta bizi izan dugunez, ez gaude joera kapitalista eta globaletatik salbuetsita; kultur aniztasunaren gainbehera eta homogeneizaziorako joera, indibidualismoa… pixkanaka, apenas konturatu gabe gure lurraldea, gure eguneroko ohiturak, gure bizitzak bustitzen doazen tantak dira, bortizkeria eta kontraesan handirik gabe barneratzen goazenak.
Eta argi dut, beste gai guztiekin bezala, herri honek duen sen eta nortasun komunitario, kolektibo, borrokalari eta arduratsuak ere gu egiten gaituela. Euskal herritarrok izatearen harrotasunak ere egiten gaitu eta hortik indarra hartu eta jauzi berrietarako olatua behar dugu izan, egunero, gauden tokitik, gure hizkuntzaren defentsan eta bere etorkizunaren aldeko aldarrikapen zehatzetan.
Nik harrotasun puntu hori sentitu nuen aurrekoan Irulegiko eskuarekin, aitortu behar dizuet. Eta Jon Maiari bere hitz batzuk lapurtuz agurtzen noa:
“edo 2000 urtean lurpean egon ondoren
esku baten gainean
lurrazalera bizirik atera den
hitz bakan baten botere harrigarria.
“Oraindik bizi zara!” esan diogu. ”
Oraindik bizi zarete!” esan digu.
Eta harrotasun eta poz zirrara bat zabaldu da euskararen herrian”
DENAK ETXERA ETA MUXU BANA!!!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!