Iñaki Lazkano (Oihaneder euskararen etxea): «TopAraba egitasmoaren helburua Araban euskarazko kultur sormena sustatzea da.»
"Topaketa otsailak 12an izango da eta hortik aurrera sortzaileek hilabeteko epea izango dute ados jarri eta proiektuak aurkezteko."
Oihaneder euskararen etxeko Iñaki Lazkano izan dugu Hizpidean eta TopAraba egitasmoaren berri eman digu. Euskarazko kultur sormena sustatzeko, berrikuntza suspertzeko eta sareak sortzeko helburua du TopAraba egitasmoak. Araban bizi diren kultur diziplina anitzetako norbanako sortzaileak harremanetan jarri nahi ditu horrela Oihanederrek, eta horretarako baliabide ekonomiko, tekniko eta materialak eskainiko dizkie.
Egitasmoak abiapuntua otsailaren 12an burutuko den topaketan izango da. Hasieran, partaideek haien buruak aurkeztu eta dakartzaten ideiak azalduko dituzte labur-labur. Entzundakoaren arabera, partaideen artean elkarrizketa azkarrak antolatuko dira eta, dinamika ezberdinekin, sortzaileen sarea sortu eta proiektuak garatzeko behar den gutxieneko konfiantza landuko da. Horrekin, egitasmoak izango dituen hurrengo urratsak eta parte hartzeko aukerak azalduko dira.
Otsailaren 7ra arte topaketan izena emateko epea irekita egongo da. Parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da topaketarako sortu den inprimakia betetzea. Egitasmoa bere osotasunean beren-beregi 18 urtetik gorako eta Araban erroldatutako kultur sortzaileei zuzenduta dago.
Hemen entzungai.
-
Hizpidea: Iñaki Lazkano (Oihaneder euskararen etxea): «TopAraba egitasmoaren helburua Araban euskarazko kultur sormena sustatzea da.»00:18:22
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!