Hiri hondakinen erraustegi bat sustatu nahi dute Araban
Gasteiz Zero Zabor taldeak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak, "foru gobernuaren laguntzarekin", hiri hondakinen erraustegi bat sustatu nahi duela Araban, Hazkunde Iraunkorraren eta Enpleguaren Esparru Programaren barruan. through Alea.eus
Gasteiz Zero Zabor ekimenak ohartarazi duenez, Araban hiri hondakinen erraustegi bat sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Proiektua abuztuan plazaratutako Hazkunde Iraunkorraren eta Enpleguaren Esparru Programan aurreikusten da, eta foru Gobernuaren laguntza izango luke.
NAIZ hedabide digitalak argitaratu duenez, PwC aholkularitza-enpresak aztertu du egitasmoa, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Next Generation EU Europako Funtsean finantzaketa lortzeko helburuarekin.
Azterlan horren balorazioetan, trakzio-proiektu publikoak eta pribatuak jasotzen dira, besteak beste, eta talde horren barruan, trantsizio energetikoari dagokion atalean, “hidrogeno berriztagarria ekoizten duten hiri hondakinak balorizatzeko proiektua” azaltzen da Araban.
20 milioi euroko aurrekontua
Zero Zabor taldeak azaldu duenez, proiektuaren lidergoa Arabako Foru Aldundiari dagokio, eta 20 milioi euroko aurrekontua izango luke. Une honetan, “garapen kontzeptualeko” egoeran dago, baina PwC enpresaren gomendioen arabera, Europaren finantzaketa jaso dezake, ekonomia zirkularraren eta energia berriztagarrien sustapenaren kontzeptuaren barruan.
Gauzak horrela, azpiegitura horren “beharraren justifikazioa indartzea” gomendatzen du PwCk, Zero Zabor taldeak jakitera eman duenez. Hala ere, hondakinen tratamendurako azpiegitura horrek “arrisku handia eta errentagarritasun txikia” dakarrela kritikatu du talde ekologistak.
Alternatibak
“Irtenbide teknologikoek hobetu dezakete egungo egoera deskarbonizatzea eta, are gehiago, aurrerapenak eskaintzea nekazaritzako eta industriako hondakin birziklagarrien kudeaketarako, baina ez dute ekonomia zirkularrak eskatzen duen kontzeptu aldaketa sortzeko gaitasunik”, azaldu du Zero Zabor taldeak.
Horrenbestez, hondakinak bereizteko, birziklatzeko eta konpostaje intentsiboa egiteko estrategiak lehenestea eskatu dute, eta “gardentasunez” jokatzea eskatu diete erakundeei.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!