Herritar uholde batek babestu ditu Glavistako 240 langileak
Elkartasun uholdea jaso dute gaur Glavistako langileek. Guardianeko enpresa batzordeak 24 orduko greba deitu du, Glavistako kideei babesa adierazi eta zuzendaritzari enpresaren bideragarritasuna bermatu dezan exijitzeko. Grebak guztiz gelditu du Guardianeko ekoizpena. Arratsaldean manifestazio jendetsu batek ehunka lagun atera ditu Laudioko kaleetara. through Aiaraldea.eus | Aimar Gutierrez Bidarte
Aiaraldea lanpostuen defentsan altxatu da beste behin ere, gaurkoan Glavistako 240 langileen alde. Izan ere, Glavistaren hartzekodunen lehiaketa eta erosketa prozesua bertan behera geratzeko arriskuak kinka larrian jarri du bertako langileen etorkizuna. Horren aurrean manifestazio jendetsu bat atera da gaur arratsaldean Laudioko kaleetara. Glavistako lantegi ataritik abiatuta, fabrikaren bideragarritasuna bermatuko dituzten neurriak exijitu dituzte eskualdeko ehunka herritarrek.
Greba Guardianen
Guardianeko langileengandik jaso dute Glavistako beharginek babesik estuena. Guardianeko enpresa batzordeak 24 orduko greba deitu du gaurko, bertako zuzendaritzari Glavistaren bideragarritasuna bermatzeko urratsak eskatzeko. Izan ere, Estatu Batuetako multinazionalak hartutako erabakiek hartzekodunen lehiaketa irtenbiderik eta alternatibarik gabe utzi dute. Langileek Guardianeko zuzendaritzari inplikatutako aldeekin irtenbidea negoziatzea eta Glavistaren bideragarritasuna ziurtatzea exijitu nahi diote.
Hori bakarrik ez, piztutako egoerak Guardian enpresa ere kaltetu dezakeela uste du enpresa batzordeak, Laudioko lantegiaren inguruan “deskonfiantza” sortuz, eta honen etorkizuna kolokan jarriz.
Grebak erabateko arrakasta izan du. Guardianeko produkzioa etenda egon da egun guztian zehar, eta zerbitzu minimoek baino ez dute zeharkatu lantegiko atea. Halaber, bi enpresa batzordeek bat egin dute goizean goiz egindako piketean eta eguerdian egin duten elkarretaratzean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!