HALA Komunikazioa BEDI Konponbidea
Kontakizuna, biktimak eta burujabetza Hala Bedi Irratiaren jardunaldien ardatz
- Rosa Rodero, ETAren biktima eta Carmen Galdeano, GAL-ena mahai inguruan, Jose Mari Kortaren Bidetik eta Euskal Memoria fundazioetako ordezkariekin batera.
- Euskal Herriko erronka politiko eta ekonomikoek osatzen dituzte jardunaldiak eta, besteak beste, Maite Aristegi edo Floren Aoiz izango dira gonbidatu.
2012ko maiatzaren 8a. Kontakizuna, biktimak eta burujabetza politiko eta ekonomikoa dira Hala Komunikazioa Bedi Konponbidea jardunaldien ardatz. Aurtengo edizioan ere, “euskal gizartearentzat garai historikoak bizitzen ari garen honetan, politika kalera ateratzea da gure asmoa”. Lehen mahai ingurua maiatzaren 14an izango da eta bertan euskal gatazka politikoaren konponbidean biktimek jokatu beharreko papera izango da mintzagai, baita garaile – galtzaile dialektika aproposa ote den ere.
Carmen Galdeano, GAL-ek hildako Xabier Galdeano Egineko kazetariaren alaba; Rosa Rodero, Ertzantzako Sarjentu buru zen Joseba Goikoetxearen alarguna; eta Jose Mari Kortaren Bidetik zein Euskal Memoria fundazioetako ordezkariak daude gonbidatu, Oskar Bañuelos kazetaria moderatzaile.
Floren Aoiz, historialari zein idazlea eta EHU-ko Ramon Zallo eta Mario Zubiaga irakasleak Burujabetzarako euskal bide orriaz jardungo dira, erabakitze eskubidea lortze bidean eman beharreko pausoak edota lurraldearen auzia nola bideratu aztertu asmoz. Berria egunkariko Edurne Begiristain izango da mahai inguru honetan moderatzaile.
Krisi garai hauetan, burujabetza politikoaz gain ekonomikoa ere zalantzan dagoenean, Hala Bedi Irratiak gai honi ere heldu nahi izan dio. Erabakigune ekonomikoak estatuez gaindiko esparruetan daudenean burujabetza ekonomikoa lortzea gauzagarria al den, abantaila eta arriskuak zeintzuk diren aztertuko dugu, maiatzaren 28an. Maite Aristegi, Amaiurreko parlamentari eta EHNE sindikatuko idazkari ohia; Jakue Pascual, soziologo eta jendarte ekintzailea; Anton Borja, EHU-ko ekonomia doktorea; eta, azkenik, Pedro Mari Olaeta, enpresaria (INGEINNOVA) izango ditugu Garako Iñaki Iriondok gidatutako mahai inguru honetan.
Aurten, baina, Hala Komunikazioa Bedi Konponbidea zikloari hasiera eta amaiera berezia emango diegu. Izan ere, Jon Maia bertsolari
polifazetiko zumaiarrak zuzendutako Gazta zati bat dokumentalaren bi emanaldi babestuko ditugu. Maiatzaren 10ean Euskal Herriko
zinemetan estreinatuko da, autodeterminazio eskubidea aztertzen duen dokumentala, Gasteizen, Hala bedi irratiaren eskutik egingo da. Etzi, esan bezala, lehen pasea izango da, Florida zinemetan, gaueko 22:30etan.
Dagoeneko emanaldi honetarako sarrera guztiak agortu dira eta beste bat hitzartu dugu, Jon Maia bera gonbidatu izango dugularik, filmaren amaieran ikusleen galderei erantzuteko. Zita, Ekainaren 4ean, Guridi zinemetan, 20:30etan.
Iaz Hala Komunikazioa Bedi Konponbidea jardunaldien arrakastaren ondoren eztabaida eta hausnarketarako gune hau indartzeko apustua egin dugu Hala Bedi Irratitik.
Hurrengo astelehenetan, 22:00ean, El quid de la cuestion irratsaioan, mahai inguru guztiak Hala Bedi irratiaren uhinetan entzuteko aukera izango da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!