Hala Bedi 30 urte kolpez kolpe Liburu-Dokumentala
Hala Bedi Irratia 1983an jaio zen eta bere urtemuga ospatzeko irratiaren historia argitara atera nahi izan dugu. Liburuaren bidez irratiaren azken 30 urteen berri izango dugu, bertan irudi, dokumentu historiko eta enkarguzko komiki eta ilustrazioak ditugu. Liburuari lagunduz irratiaren historia eta gaur egungo funtzionamendua azaltzen duen dokumentala dugu. Biek ere, urte guzti hauetan autogestioa eta mugimendu asanblearioaren oinarripean Hala Bedi posible egin duten pertsona eta elkarte guztiei eskainitako omenaldia izan nahi dute.
Liburua.
Hala Bediko historia Iker Saenz de Argandoñak idatzia zuen duela 7 urte inguru, baina ez zegoen publikaturik. Orain, testu hori osatu eta argitaratu dugu. Modu erraz eta arinean irakurtzeko testua, euskaraz zein gazteleraz, garaian garaiko kartel, dokumentu historiko eta argazkiekin osatu dugu. Bertan aurkituko ditugu irratiaren sorrera, antolaturiko kontzertuak, jasandako itxierak, eztabaida ideologikoak, euskararen bilakaera, lizentzien buruhausteak, irratiaren euskara hutsezko emisioa…
Irratiaren historiaz gain, bertan sorturiko gizarte mugimenduez jakiteko parada izango dugu. Gasteiz eta Arabako bilakaera soziopolitikoa ulertzeko lorratzak aurkituko ditugu. Gasteizko Andramari Zuriaren leherketatik hasiz, prozesio ateo eta gaztetxetik pasaz Gasteizko historiaren erradiografia zehatza dakar liburuak.
Azpimarratu nahiko genuke liburu honetarako bereziki egin diren ilustrazioei eta komikiei. Izan ere 12 marrazkilarik Hala Bediko historia ikustarazi digute beren lanekin. Bakoitzak irratiaren garai edo esparru konkretu bat islatu du irudimenaren bidez. Tasio, Patxi García, Montxo, Aritz Cordoba Txepe, Borxa, Egoitz OjodeKuervo, Iñigo Diaux, Mundina, Eider Eibar, Iban Izagirre, Shukare Otero eta Markos Gimeno izan dira kolaboratzaile bereziak.
Dokumentala.
Ordubete irauten duen dokumentalean irratiko historia, fikzioa eta irratiko egunerokotasuna uztartu ditugu. Zuzendari lanetan Oskar Bañuelos kazetaria izan dugu, zati fikzionatuan Asier Ugarte eta grabazio eta edizio lanetan Halabideo taldea.
Batetik, dokumentalak bilakaera historikoa jarraituko du, sorrerako irrati-kideen elkarrizketetatik hasi eta gaur egunean lanean diharduten kideetaraino helduz. Tartean fikziozko tarteak sartu dira lana Hala Bediren umoreaz zipriztintzeko. Bestetik, irratiko hainbat irratsaioetako kideak elkarrizketatuak izan dira.
Irratiko kideak estutuz kazetari lanetan aritu zaizkigu Fermin Muguruza, Jon Maia, Mariano Ferrer, Iñaki Ortiz de Villalba eta Txerra Bolinaga.
Aipatzea dokumentalarekin batera DVDan hainbat gehigarri sartu ditugula. Besteak beste making of-a, grabazio historikoak -Egin eta Egunkariaren itxierak, Garoñako istripuarena- eta Una Hora Tarde irratsaio arrakastatsuak publikaturiko CD-a, eta espreski aukeraturiko istorio eta iragarki ugari.
Ezin agurtu disko hau posible egin duten pertsona guztiei eskerrak eman gabe eta bereziki Bonbereneari, beraien laguntza guztia eskaini digutelako.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!