Gazte bat jipoitu dute Gasteizen udaltzainek, patinete elektrikoan ihes egiten saiatzeagatik
Astelehenean gertatu zen, 16 urteko Aimarrek patinete elektrikoaren gainean zebrabidea igaro zuela egotzita. Gasteizko udaltzainek geratzeko agindu zioten eta gaztea ihes egiten saiatu zen. Zenbait minutuko jazarpena eragin zuen Zabalgana auzoan, baina azkenean harrapatu zuten. Atxilotzeko unean, gaztea jada entregatu zenean, lurrera bota, belaunekin eta ukabilekin kolpatu zuten eta gazteari sudurra hautsi zioten. Udaltzainek familiari esan zioten erori egin zela. Bideoz grabatu zuen auzokide batek, ordea, eta han ez da halakorik ikusten. Familiak salaketa jarri du epaitegian. Gasteizko Udaltzaingoak ARGIAri adierazi dio "ezin dutela ezer esan". through Argia.eus
Gasteiz Hoy hedabideko Natxo Gatón kazetariak eman du gertaeraren berri, familiarekin hitz egin ostean.
Zer gertatu zen? Gazte batek ihes egin zien gelditzeko agindu zioten Gasteizko udaltzain batzuei. Patinete elektrikotik jaitsi gabe zebrabide bat gurutzatu eta espaloitik zihoan, une hartan. Patruila bere atzetik atera zen eta gaztea zenbait minutuz ihesean izan zen.
Amaieran, ordea, ihesbiderik ez zuela ikusita, patinetea gelditu zuen eta bere kabuz jaitsi zen, harrapatu zutela ikusita. Atzetik heldu ziren udaltzainek, une horretan, jipoitu egin zuten. Salatu dute udaltzainek gazteari aurpegian ukabilkadak eta ukalondoarekin kolpeak eman zizkiotela, baita izterretan eta barrabiletan belaunekin kolpeak ere. Txagorritxuko mediku txostenean sudurreko hezurrak hautsiak dituela jaso dute.
Gazteak adierazi du gaizki egin duela ez geratzean, baina beldurtu egin zela eta ihes egitea atera zitzaiola. “Nire semeak gaizki egin zuen ez zelako geratu udaltzainek hala agindutakoan, eta eskarmentua merezi zuen horregatik, ez jipoi bat”, adierazi du bere aitak Gasteiz Hoy-n.
Gazteak zenbait kale eta zebrabide igaro zituen abiadura handian eta ausarkeriaz gidatzeagatik salaketa jasotzeko arriskua du. Era berean, gaztearen familiak Guardiako Epaitegian salaketa jarri du, astelehenean Zabalgana auzoko polizia operazioan parte hartu zuten udaltzainen aurka.
ARGIA Gasteizko Udaltzaingoarekin jarri da harremanetan, beren bertsioa galdetzeko eta gazteak zauri horiek erorita egin zituela esatea bideo batek gezurtatzen duenez gero. Udaltzaingotik adierazi dute ezin dutela ezer esan, gaztea adin txikikoa delako. Udaltzaingoak bideoko agente horien aurka neurririk hartu den galdetuta, argi utzi du agindua dela ez ezer esateko.
Ondorengo bideoa grabatu zuen auzokide batek eta Gasteiz Hoyk argitaratu du:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!