Gasteiz anitzaren alde, izan kolore! Gora Gasteiz!
2015eko apirilaren 18a. Gasteiztarrok oso gogoan dugun data da, izan ere, egun horretan bertan izan baitzen “Gora Gasteiz!” eguna, izen bereko ekimenak antolatuta. Migranteen aurka, Javier Maroto alkateak eta ingurukoek egindako adierazpen arduragabeen ondoren, gasteiztarrok hiri koloretsu eta anitza nahi genuela esan genuen ozen, hainbat hilabetetako kanpainaren amaiera-jaialdian. Orain, ekimenaren ibilbidea eta “Gora Gasteiz!” eguna bera bildu dute gaur bertan aurkeztuko den dokumental batean. Erlantz Anda Fifo ekimeneko kidea eta Beñat Fontaneda dokumentalaren egilea bera izan ditugu gaur ARABA HIZPIDEn. Hasieran, dokumentala egitea bururatu ere ez zitzaiela egin esan digu Andak, baina kanpainan zehar egindako grabazioei esker, Fontanedarekin harremanetan jarri, eta hark gustura hartu zuen lana, aitortu duenez. Zabalganako meskitak ere erasoak pairatu dituenean, inoiz baino beharrezkoagoa den memoria-ariketa aurkeztuko dute gaur: “Izan kolore” dokumentala. Martxoak 17, arratsaldeko 19:30ean, Europa jauregian.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!