Errekaleorreko argi-mozketatik, bi urte
Maiatzaren 18rako egun osoko jaialdia antolatu dute auzoan eta, besteak beste, ate irekiak egongo dira.
Bi urte bete dira Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak Errekaleor Auzo Askeari argia moztu zionetik. Tentsioz betetako maiatzaren 18 hark ondorio ezberdinak utzi zituen: Gorka Urtaran Gasteizko behin-behineko alkateak auzoa bota nahi zuela esan zuen egun bat beranduago, Mikel Saenz de Buruaga kazetariari mozal legea ezarri zion Ertzaintzak, auzoa argi gabe geratu zen, ekainaren 3ko mobilizazioa erantzun handia izan zen ‘Guk argi dugu’ lemapean…
Instituzio ezberdinek ez zuten euren helburua lortu: herri-erantzuna handia izan zen eta Urtaranek haren “hitzak jan” zituen. Gainera, modu eraikitzailean egin zitzaion aurre argi-mozketari. Iberdrola eta Ertzaintza Errekaleorren agertu eta soilik bost hilabetera, eguzki plakak jartzen hasi ziren bertan. Hilabete batzuk lehenago, ordea, plaka horiek erosteko diru-bilketa kanpaina egin zuten ia 110.000 euro lortu.
Behin instalazioaren diseinua amaituta eguzki plakak jartzen hasi ziren, hegoaldera begira dagoen frontoiko horman. Guztira, 270 plaka instalatuko dituzte, eta bakoitzak 260 W ekoiztu ditzake, bere maximoan.
Hau guztia gogoratzeko, datorren maiatzaren 18an, larunbatean, egun osoko jaialdia antolatu dute auzoan, maiatzaren 24tik 26ra ospatuko diren auzoko jaien aurrekaria izango dena.
Oraingoan ‘Erresistenziaz bizitza’ leloa erabiliko dute, eskuartean dituzten eta etorkizunerako dituzten proiektuen isla gisa. Egurrezko labe erraldoi bat amaitzear daude, zeinetan ogia produzitzen hasiko diren; bestetik, auzoko frontoian ia egunero Gasteiztik datorren jendearekin boxeo entrenamenduak egoten dira; auzoko herri inprentak Gasteizko eragile ezberdinen mesedetara jarduten du; gasteiztar ugarik Errekaleor inguruko lurrak okupatuz haien baratzak izateari ekin diote; BMX zirkuitu bat sortu dute beste gazte batzuk; edo ehunka frutarbol landatu dituzte.
Maiatzaren 18ko egitaraua
- 12:30 AHT-ren aurkako manifestazioa
- 15:00 Herri Bazkaria
- 17:30 Bisita gidatua auzotik
- 19:00 Errekaleor liburuaren aurkezpena (Jabo H. Pizarroso)
- 20:30 Pikoteoa
- 22:00 Kontzertuak: Sophie eta Alvaro Ruiz
Bi hots eztandararte, bi urte taupadaz taupada, bi urtez erresistentzian ✊
Argi mozketaren bigarren urteurrena 💡
Larunbat honetan, maiatzak 18, zatoz Errekaleorrera 🙋 pic.twitter.com/a9fL0Eeaeg
— Errekaleor Bizirik! (@Errekaleor) May 14, 2019
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!