Dozenaka lagun mobilizatu dira La Encina egoitzako kaleratzeen aurka
Tubacexeko langileak, Aiaraldeko Mugimendu Feminista, pentsiodunen mugimenduak eta Aiaraldeko Greba Batzordeak egin dute bat, betseak beste, gaurko mobilizazioan. through Aiaraldea.eus
Elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Artziniegan, La Encina egoitzako zuzendaritzak langileen aurka abiatutako jazarpena salatzeko. Izan ere, enpresarekin lan egutegia adosteko ezintasunaren aurrean, hauteskunde sindikalak egin zituzten egoitzako langileek euren lan-baldintzak defendatzeko. Geroztik, sindikatuta daudenen aurka jo du zuzendaritzak.
Errendimendu baxua eta fede txarra leporatzen die enpresak langileei, baina kaleratuek salatu dute akusazio faltsuak direla horiek.
ELA sindikatuak azaldu du hauteskunde sindikalak egin zirenetik, bi langile kaleratzeaz gain, beste bi langileren kontratuak ere iraungi dituztela La Encinako arduradunek: “Enpresan lanean urteak daramatzaten beharginak kaleratzen ari dira, baldintza prekarioagoetan kontratazio berriak egiteko helburuarekin”.
Elkartasun olatua
Oihartzun zabala izan dute Artziniegako bi kaleratzeek eta eskualdeko dozenaka lagun bertaratu dira gaurko mobilizaziora: Tubacexeko langileak, Aiaraldeko Mugimendu Feminista, pentsiodunen mugimendua edota Aiaraldeko Greba Batzordea, besteak beste.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!