Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak (PDS) konponbideak exijituko dizkio Arabako Aldundiari
Martxoaren 21ean manifestazioa egingo dute Gasteizen, Arabako Aldundiari arreta egokia eskatzeko. Azken honek, “pertsona bakoitzak nola bizi nahi duen eskubidea” urratzen duela salatu dute. Gai honen inguruan Gasteizko pertsona ezberdinek dituzten kezkak jaso ditu Hala Bideok: Nagore Gartzia, Jabier Saenz, Helena Espizua eta Bego Ozaeta.
Arabako Aldundiaren politikak gogor salatu dituzte
Otsailean kanpaina aurkeztu zuen Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak (PDS), eta gogor egin zuen Arabako Aldundiaren aurka. Salatutakoaren arabera, “pertsona bakoitzak nola bizi nahi duen eskubidea urratzen du, autonomia bultzatzen ez duten gizarte-politikak garatuz”.
Izan ere, Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren bidez jasotzen den diru-kopurua hilean 798€tan kokatzen da, gehienez. Gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonak menpekotasunik gabe bizi behar direla gogoratu zuen plataformak, komunitate barruan sartzea ahalbidetuz.
Arabako datuak, Bizkaikoekin edo Gipuzkoakoekin alderatuta, latzak dira. Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomikoen (ZLPE) bidez gizarte-zerbitzuen pribatizazioak nabarmen egin du gora. Araban, 1.000 ZLPE baino gehiago daude, diru publikoa esku pribatuen esku utziz; Bizkaian, aldiz, 300 bat eta Gipuzkoan 200.
Hori gutxi balitz, etxez etxeko laguntza zerbitzuak murrizketak pairatu ditu, “pertsonen beharrak asetzea ezinezkoa bihurtuz”.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak eskuhartze sozialeko II. Hitzarmen kolektiboan egin zuen azpikontratazioa oinarritzat hartuta, gizarte-zerbitzuen sare publiko osoaren azpikontratazioa, prekarizazioa eta injerentzia gaitzetsi dute.
Aipatutako lan hauetako asko emakumeek egiten dituztela aipatu dute, zaintza lanetan batez ere.
Martxoaren 21ean, konponbiderako mobilizazioa
Honen aurrean, konponbidea eskatzeko manifestazioa egingo dute martxoaren 21ean, asteazkenean, Gasteizen. Konponbidea posible dela uste dutelako Eskubide Sozialen Aldeko Plataformako kideek.
Honen aurrean, Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa handitzea ezinbestekoa ikusten dute, zaintza profesionala lehenestearekin batera. “Profesionalak ez direnek egiten dituzten zaintza lanek, historikoki eta gaur egun ere, emakumeek egindako lanaren ikusezintasuna areagotzen dute”.
ZLPE guztiei ematen dieten lehentasuna ezabatzea ere eskatuko dute, hau jasotzen duten pretsonen kopurua murriztuz. Gainera, arazo hauei aurre egiteko, 20/1997 legea zerbitzu publikoetan betetzea exijituko dute 19:00etan Andra Maria Zuriaren plazatik abiatuko den manifestazioan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!