Ekainak 28 | Harro, baina ez salgai, eta Stonewall mugarri
Stonewalleko matxinadatik 50 urte bete direnean, ehunka lagun bildu dira Gasteizko E28 Koordinadorak deitutako mobilizazioan. LGTBQ mugimenduaren borrokak irentsi eta negozio bihurtu nahi dituztela salatu dute.
New Yorkeko Stonewalleko istiluetatik 50 urte bete diren egunean eguzkia eta beroa ez dira aitzaki izan Gasteizko E28 Koordinadorak deitutako manifestazio handia eta ikusgarria ikusteko Gasteizen. Ehunka lagun atera dira kaleetara Stonewall mugarri. Francis gogoan. Kaleetan harro irakur zitekeen pankartarekin lagunduta.
Orain dela 50 urte bezala, koloreak, kolore ugari, izan dira protagonistak manifestazio osoan zehar.
Ekitaldian ere, Gaztelesbos, ALA edo 7menos20 eragileei esker eta bollerak lehen lerroan zeudela, Transbollomaribi mugimenduak indarra hartu zuela gogoratu dute, eragile horiei aitortza eginez. “Hamarkadetan zehar egurra eman ziguten, egun batez kapitalismoa gure existentziaz ohartu zen arte. Orain, gure borrokak irentsi eta negozio bihurtu nahi dituzte”, adierazi dute ekainaren 28a merkantilizatzeko egin nahi dituzten marketing kanpainak salatuz.
Zentzu honetan, eragile eta norbanako ezberdinek osatutako koordinadorak salatu duenez, euren historia eta borrokarako grina ezabatuak izan dira, “mobilizazioak ikuskizun soilak bihurtuz”. Hori gutxi ez eta gay kolektiboa hegemonikoa bilakatu dela uste dute, transak eta bollerak ezabatuak izan diren bitartean: “Gorputz normatiboen goraipatzeak, aniztasun funtzionala duten ahizpen bazterketak edota ahizpa migratuen jazarpenak ikusi behar izan ditugu”.
“Orain dela 50 urte kolektibo hau normaren aurka altxatu bazen, gaur egun borrokak jarraitzen duela aldarrikatzen dugu”, amaitu dute. Ostean, jaiak Gasteizko Gaztetxean jarraitu du.
Francis eta Stonewall gogoan
1969ko ekainaren 28an, polizia Stonewall Inn tabernara agertu zen ohikoak ziren sarekada trabestiak, maritxuak eta bollerak egiteko eta hauek adreiluekin erantzun zieten.
Ordutikan, ezer ez zen berdina izan eta besteak beste, 10 urte geroago, Oreretan, polizia batek Francis Vadillo trabestia erail zuen tiro batekin. Biak ala biak, egun ezagutzen dugun Transbollomaribi egunaren bultzada suposatu zuten eta hori gogoratu nahi izan dute Gasteizko E28 Koordinadorako kideek ostiraleko manifestazioan: “Stonewalleko eta Oreretako gertaeren ondorioz, Gasteizko transak, bollerak eta marikak kalera atera ziren lehen aldiz, oraingoan egin duten bezala”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!