Azazetan izango da proiektu eolikoen aurkako laugarren martxa
Irailaren 11n, larunbatean, Arabako Mendiak Askek laugarren martxa egingo du Azazetan, Aberasturitik Kastañarri mendiraino, proiektu eolikoen eraginpeko ondare naturala ezagutarazteko. Haurrentzako ibilbide berezi bat ere prestatu dute. through Alea.eus
Udan zehar, Iturrietako Mendietatik —uztailaren 3an—, Arkamutik —uztailaren 24an— eta Labrazatik —abuztuaren 14an— igaro da Babestu maite duzun mendia dinamika. Oraingoan Azazetako mendatera eramango dute Araban eraikitzekoak diren proiektu eolikoen aurkako protesta. Izan ere, plataformak sei ibilbide herrikoi antolatuko ditu uztailaren 3tik urrira bitartean, hil horren 23rako Gasteizen deitutako manifestaziora begira indarrak batzeko asmoz.
Une honetan, sei proiektu eoliko daude martxan —fase batean edo bestean— Arabako mendietan, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuaren zein hainbat enpresa pribaturen eskutik. Kokaleku horietako bakoitzera ibilaldi bat antolatu dute. Zertarako? “Sakrifikatu nahi den ondarearen balio naturala, paisajistikoa eta kulturala nabarmendu eta bertatik bertara ezagutarazteko”, azaldu du plataformak.
Azazeta, natura ondarea
Irailaren 11n, larunbatean, Azazetaraino eramango dute dinamikaren laugarren martxa. Izan ere, Azazeta herria eta bere ingurunea Arabako natura ondareko hiru gune garrantzitsuenen erdian daude: Gasteizko Mendietako zein Entzia mendilerroko Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) eta Izkiko Parke Naturalaren artean.
Horrez gain, Europako hegazti migratzaileen ibilbidearen parte da Azazeta. “Ingurune honetan horrelako industria azpiegiturak jartzea oztopo handia litzateke hegazti horien migraziorako”, ohartarazi du Mendiak Askek. “Oztopo arkitektonikoa izateaz gain, haize-sorgailuekin talka egiteko arriskua baitago, zentral horiek igortzen duten kutsadura akustiko eta argi-kutsadurak ere eragin handia izan dezake”.
Umeentzako aukera, Okinatik
Aurreko martxetan bezala, bi irteera-puntu izango ditu martxak. Lehenengoa, Aberasturi herritik abiatuko da 10:00etan; soroak zeharkatu eta, ureztatzeko putzuen parean, Okina gainera igoko dira. Ibilbide hau aukeratzen dutenek 12 kilometroko ibilbidea egingo dute (300 metroko desnibelarekin).
Bigarren ibilbidea —laburragoa— puntu horretan hasiko da, Okina gainean. Izan ere, Mendiak Askek haurrentzako martxa bat prestatu du puntu horretatik, ibilbide oso erraza delako, familien parte hartzea ahalbidetzeko eta natura ondarearen balioa hurrengo belaunaldiei transmititzeko asmoz. Txikimartxa aukeratzen dutenek 2 kilometroko ibilbidea egingo dute (100 metroko desnibelarekin).
Ondoren, bi ibilbideek Kastañarri mendira igoera txikia egingo dute.
Hiru martxa gehiago
Martxaren amaieran, Azazetako ordezkariek hurrengo martxarako makila edo lekukoa Añanako ordezkariei pasako diete. Martxa batetik bestera eskuz esku igarotzen ari den lekukoak proiektu eolikoen eraginpean dauden naturgune guztiak zeharkatuko ditu, urriaren 23an Gasteizko manifestaziora iritsi arte.
Honako hauek dira ibilbide bakoitzaren datak. Datak hurbiltzen diren heinean emango dituzte ibilbide bakoitzari buruzko xehetasunak, abiapuntuak eta ordutegiak jakinarazteko:
- Uztailak 3: Iturrietako Mendiak (eginda)
- Uztailak 24: Arkamu (eginda)
- Abuztuak 14: Labraza (eginda)
- Irailak 11: Azazeta
- Irailak 25: Cantoblanco
- Urriak 16: Arlaban
“Mendiak ez daude salgai. Berriztagarriak bai, ez nolanahi”, adierazi du Arabako Mendiak Aske plataformak, herritarrei martxa horietan parte hartzeko gonbidapena luzatuz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!