Altsasuko gazteek espetxean bi urte bete dituztela salatzeko mobilizazioak egingo dituzte Araban
Altsasu auziko gazte guztiak Zaballako kartzelan daude, batera. Asteazkenean bi urte beteko dituzte espetxeratuta eta mobilizazio ezberdinak deitu dituzte Araban. Gasteizko Kanpusean, manifestazioa egingo duten gunean, Ertzaintzak pankartak jartzen ari zituen gazteak idenfikatu dituela salatu dute ikasleek.
Azaroaren 2an jakin genuen Altsasuko zazpi gazteak batera daudela azkenean: Araban daude espetxeratuta, Zaballako kartzelan. Eta egun batzuk beranduago, azaroaren 14an, bi urte beteko dira gazte hauek atxilotu eta espetxeratu zituztenetik: 730 egun kartzelan eta urte luzetako sententzia. Ekainean, 13 urteko espetxe-zigorra ezarri zieten kausako bi gazteri, 12 beste biri eta 9 hiruri. Zortzigarren bati, bi urtekoa, baina jada ez dago espetxean.
Beste kasu batzuetan egin den bezala, muntai poliziala salatzeko eta gazteen askatasuna eskatzeko, mobilizazioak egongo dira Araban bigarren urteurren honetan. Kasu honetan, Ernai Gazte Antolakundeak antolatu ditu mobilizazioak, Espainiar Faxismoarekin Hautsi. Altsasukoak aske! lemapean.
Gasteizko kasuan, manifestazioa egingo dute 13:00etan Elurretatik, Gasteizko Kanpusean. Kasu honetan, Kanpusean sortu den Ernai EHU Gasteiz taldeak deitu du manifestazioa. Mobilizazioa baino egun bat lehenago, ikasleek pankarta ezberdinak ipini dituzte manifestaziorako deia eginez; hauek salatu dutenez, Ertzaintzak gutxienez bi ikasle idenfikatu ditu azaroaren 13an bertan.
Agurainen, berriz, asteazkenean bertan ere elkarretaratzea egingo dute 19:30ean Errege Atarian.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!