‘Altsasu’ antzezlana bertan behera uztea eskatu du PPk
Ainhoa Domaika popularrak "gasteiztarrak doktrinatu nahi izatea" leporatu dio Urtarani through Alea.eus
Ainhoa Domaika, Principal antzokiaren aldizkaria eskuan. / PP
Gasteizko PPk salatu du Gorka Urtaran alkatea “Gasteizko Principal Antzokia ere politizatzen” ari dela, eta ostegun honetan eskainiko duten Altsasu obra bertan behera uztea eskatu du. “Bi guardia zibilen eta haien bikotekideen aurkako erasoari buruzko epaiketa paralelo bat egiten du antzezlanak”, salatu du Ainhoa Domaika Gasteizko PPren bozeramaileak.
Domaikaren ustez, Urtaran alkateak Altsasuko erasoari buruz duen “obsesio nazionalista” taula gainera eraman nahi du. “Gasteiztar guztiona den eszenatoki bateraino; ehun urtetik gorako antzokira, kalitatezko antzerki- eta kultura-eskaintza sustatzen duena, eta beti egon dena jarrera politikoetatik urrun. Gasteiztarrok nazkatuta gaude dena blaitzen duen nazionalismo honekin”.
PPren bozeramaileak azaldu du “kultur aniztasunaren eta sormen askatasunaren alde” daudela. “Baina onartezina da Urtaranek Principal Antzokiaren bitartez, gasteiztar guztien diruarekin, doktrinatu nahi izatea. Obra hori ez da zuzena, eta Justizia zalantzan jartzen du. Taulen gainean, auzitegiek epaitzen dituzten egitate batzuen epaiketa paralelo bat egiten da”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!