Alestiseko EEEa eta kaleratzeak babestu ditu Auzitegi Nazionalak
Auzitegi Nazionalak babestu egin du Alestisek ezarritako EEEa. Horren bitartez, 56 langile kaleratu zituen enpresak, 21 pizgarridun baja eta aurre-erretiroez gain. ELA sindikatuak epaia arbuiatu du, eta helegitea jartzeko aukera aztertuko du. through Alea.eus
2020ko urrian, Alestiseko zuzendaritzak CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako EEEak Gasteizko fabrikako 56 langile kalean utzi zituen. Horrez gain, borondatezko 21 irteera izan ziren, pizgarridun bajak eta aurre-erretiroak kontuan hartuta. Espedienteak lantegiko lanpostuen erdia suntsitu zituen.
Urtarrilean enpresak estatu mailan ezarritako espedientearen inpugnazioa Espainiako Auzitegi Nazionalera iritsi zen. Bost hilabete beranduago, astelehen honetan bertan, EEEa eta kaleratzeak babestu dituen epaiaren berri izan dute sindikatuek.
Epaitegiak ezetsi egin du ELA eta CGT sindikatuek aurkeztutako demanda, baloratzen duelako negoziazioan ez dela fede ona urratu. Epaiak jasotzen duenez, “kaleratze kolektiboa gehiengoak adostutako akordio batekin amaitzeak fede ona egon dela esan nahi du”. SAT sindikatuaren demanda ere ezetsi egin du, iraungita egoteagatik.o
Nolanahi ere, kaleratze kolektiboaren aurkako inpugnazioari uko egin arren, banakako demandei atea irekita utzi die epaiak.
CCOOkta UGTk sinatutako EEEa
ELA sindikatuak errefusatu egin du “CCOOk eta UGTk sinatutako EEEa justifikatzen duen epaia”, eta CCOOk Miñaoko lantegian ordezkari bakar bat ere ez izatea “paradoxa” dela deritzo. Gainera, enpresak argudio bezala aurkeztutako “egiturazko kausak” ukatu egin ditu ELAk, eta helegitea jartzeko aukera aztertuko du.
“Horrelako epaiek agerian utzi besterik ez dute egiten langileentzako biderik bermatzaileena borroka sindikala dela, eta greba dela gure lanpostuak babesteko tresnarik eraginkorrena”, adierazi du ELA sindikatuak.
Azkenik sindikatuak gogorarazi du Alestis enpresaren atzean Aciturri Taldea eta Espainiako Gobernua (PSOE-Podemos) daudela, SEPIren bidez. “Langileen interesak defendatzen dituzten alderdi politikoei dei egin nahi diegu: hainbeste enplegu suntsitu dituzten eta enpresei karta zuria ematen dieten lan erreformak erabat indargabetzeko garaia da”, aldarrikatu du ELAk.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!