Akelarrea, kontzertuak, ikuskizunak eta tailerrak izango dira Judimendiko jaietan
Aurten ekainaren 23tik 27ra bitartean ospatuko dira Judimendiko jai herrikoiak. Askotariko jarduerak antolatu dituzte, eta kontzertu ugari izango dira auzoko eskolan: Dupla, Haizeatxo, Ningra, Unidad Alavesa eta Ziztada & Rlantz, besteak beste. through Alea.eus
Pandemia egoeran jarraitzen dugu, baina, ezohiko moduan bada ere, Judimendiko jai herrikoiak antolatzea erabaki du auzoko jai batzordeak. Ekainaren 23tik 27ra arte luzatuko dira, hau da, asteazkenetik igandera, eta askotariko jarduerak izango dira auzoan zehar. Besteak beste, Terraza Herrikoia izeneko gune nagusia egokituko dute Judimendi eskolan.
Ekainaren 23an, 16:00etan Sefarad plazan, San Juan bezperako txupinazoak emango die hasiera jaiei. Ondoren, 16:30ean, “ibilaldi osasungarria” auzoan barrena abiatuko da San Juan elizatik. 17:00etatik aurrera, hainbat jarduera izango dira Sefarad plazan: dantzak, zanpantzar mozorroa egiteko haurrentzako tailerra, mugimendu feministaren elkarretaratzea eta, 20:30ean, Judimendiko Akelarrea.
Hurrengo egunetan ere, publiko guztientzako jarduerak egongo dira: haurrentzako jarduerak, tailerrak, hitzaldiak, ikuskizunak, herri zinema, dantza plazan, artisau azoka…
Larunbatean, Gazte Eguna
Judimendiko jaietako ezinbesteko hitzorduetako bat izan ohi da Gazte Eguna. Aurten ekainaren 26an, larunbatean, antolatuko du auzoko gazte mugimenduak. 10:30ean Judimendiko parkean hasiko da, haurrentzako kanika txapelketa batekin, eta 11:00etan jarraituko du “lasterketa zoro” batekin. Ondoren, 12:00etan, kirol tangoa izango da Gizarte Etxean. Jarduera horien ostean, 12:30ean, poteo girotua hasiko da eskolatik, eta jai egitaraua gauera arte luzatuko da: zunba herrikoia, gazte bazkaria, paperezko hegazkinen txapelketa, gazte ekitaldia eta kontzertuak.
Kontzertuak
Judimendi eskolan egokitutako Terraza Herrikoian kontzertuak eskainiko dituzte egunero, asteazkenean izan ezik: ostegunean, Haizeatxo, Ningra eta X arituko dira; ostiralean, Trio Recordando eta auzoko taldeak; larunbatean, Ziztada & Rlantz, Unidad Alavesa, Dupla eta MJ Bock; igandean, berriz, rap jaialdia egingo dute, Zarata Selektion eta Dumb Boys taldeen eskutik.
Judimendiko Aste Kulturala
Halaber, urtero bezala, Judimendiko Gazte Asanbladak Aste Kulturala antolatu du ekainaren 13tik 17ra bitartean:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!