“Ahalik eta azkarren itsasoratu nahi dugu, berriz atzeratzeak arriskuan jarri dezake taldea bera”
Istanbul, apirilak 22, astelehena.
Laugarren eguna Istanbulen, Askatasunaren Ontzidia ateratzeko aukera izan artean zain. Atzoko espero zen irteera, hilaren 21erako, baina atzeratu egin behar izan da, Israelen usaina duten arazoak tarteko. Itsasontziak abiatu beharrean, manifestazioa egin genuen Istanbulen, Turkiako Gobernuari presio egiteko, aldatu dezan Marmara II ontziaren inguruan duen jarrera. Arrakastatsua izan zen manifestazioa, eta oholtza gainean izan ziren, besteak beste, AEBetako borrokalari ohi bat eta Ada Colau, Bartzelonako alkate ohia.
Manifestazioan parte hartu genuen Ontzidian joango garen pertsonok, joan nahi dugunok, hobeto esanda, eta Turkiako pertsona ugari ere batu ziren protestara. Taldeko euskaldunoi arrotza egiten zaigu zenbateko presentzia duten Alak eta mezu erlijiosoek Gazaren aldeko diskurtsoetan, baina oso presente daude hemen.
Erresistentzia pasiboa Israelgo Armadaren aurrean
Aurretik, larunbatean, tailer bat egin genuen erresistentzia pasiboa lantzeko. Interesgarria izan zen, batez ere oinarritua zegoelako aurrez gurearen antzeko bidaietan izandako esperientzietan. Ezin ahaztu 2010ean, beste Askatasunaren Ontzidi bat Gazara bidean zihoala, Israelgo Armadak ontziak abordatu zituela, eta hamar aktibista hil zituela erasoan.
Horregatik zen garrantzitsua lantzea nola jokatu behar dugun halako kasu baten aurrean. Keinuak, hitzezko komunikazioa eta ez-hitzezkoa zaintzea ezinbestekoak dira Israelgo Armada “ez zirikatzeko”, gure ontzietan sartuko balira. Badakigu ez dutela aitzakia askorik behar.
Ez zen soilik teorikoa izan, “praktikak” ere egin genituen, islatu nahian nolakoa izango zen egoera armadak abordatuko bagintu. Noski, lagunen artean egin genituen ariketak, baina aurreko ontzidiek bizitakoak zituzten oinarri. Aukeretako bat da gu Gazara hurbiltzean Israelgo Armadaren eskuetan erori eta haien porturen batean lur hartu behar izatea. Halako kasu baterako ere prestatu ginen, ahalik eta gehien aurreikusteko galdeketa baten aurrean nola jokatu.
Israelen mehatxua eta bere aliatuen presioa
Astelehen goizean jakin dugu itsasontzi batek kolpea eman diola Marmara II ontziari, eta matxuratu egin omen duela. Ez dago oso argi, matxura egon badago, baina susmoa dugu Turkiako Gobernua presioak jasotzen ari dela ontzidiaren irteera eragozteko. Alemania, Erresuma Batua, AEB eta Israel bera ari omen dira presio egiten Turkiari.
Gainera, Israelgo 12 telebista kateak zabaldu du, Israelgo Armadako iturriak aipatuz, uneotan Shayetet 13 izeneko unitatea espresuki trebatzen ari dela Askatasunaren Ontzidia abordatzeko. Unitate horrek berak hil zituen 400 pertsona Gazako Al-Shifa ospitaleko sarraskian, Hibai Arbide kazetariak sare sozialetan ohartarazi duenez.
Guk ahalik eta lasterren itsasoratu nahi dugu. Aste honetan irtetea zen asmoa [kronika hau bidali eta ordu batzuetara iragarri du antolakuntzak bihar, apirilaren 24an, irteteko asmoa, baina presio handiak daudela ere salatu dute], baina gehiago atzeratzeko aukera ere badago, eta horrek arriskuan jarri dezake taldea bera. Adore kolektiboa kaltetu dezake, irteera galarazteraino. Berri ematen jarraituko dugu, Istanbuletik oraingoz, eta egun gutxi barru izan gaitezke Gazara bidean, blokeoa apurtzera bidean.
Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!