Adurtzako jaiak ospatuko dituzte ekainaren 12tik 18ra
Besteak beste, tailerrak, kalejirak eta txapelketak izango dira Adurtzako jaietan. Ostegunetik aurrera, musika eta festa nagusituko dira, Country Devils, Pubic Enemy, La Munición, Bayou La Batre, Amooma eta askotariko DJekin. through Alea.eus
Uda aurreko girotxoarekin, Gasteizko auzoetako jaiek erritmoa hartu dute. Abetxuku, Arana eta Txagorritxuko ospakizunen ostean, eta Judimendiko jaien aurretik, Adurtzako jaien txanda izango da datorren astean, ekainaren 12tik 18ra, astelehenetik igandera, aste osoko egitarauarekin.
Astelehenean hasiko dira festak, urtero bezala Adurtzine sorginaren jaitsierarekin, 19:00etan, eta asteazkenera bitartean askotariko jarduerak izango dira auzoan zehar, jaiak berotzen joateko: gargantua, umeentzako tailerrak, kalejira, kirol txapelketak, hitzaldiak, ardo dastaketa…
Festa leherrarazteko, txosnagunea ostegunean irekiko dute, ekainaren 15ean; iaz bezala, Cauce de los Molinos kaleko aparkalekuan, Paulo Freire ikastetxearen atzean. 19:00etan garagardo artisau dastaketa eta pintxo-potea egingo dute; gau horretan, Country Devils taldeak eta DJ Pezonek girotuko dute txosnagunea.
Ostiralean, ekainaren 16an, berriz, elkartasun afaria eta kontzertuak izango dira: 21:00etan, Los Dar2 taldea Itzela Tabernan; 21:30etik aurrera, txosnagunean, Pubic Enemy eta La Munición.
Larunbatean, hilaren 17an, egun osoko egitaraua izango da, 11:00etatik aurrera: Adurtza Ikastolaren jaia, DJ Malandro, Piri Por Rumbas taldearen kontzertua, gazte bazkaria, futbolin txapelketa, pailazo ikuskizuna, DJ lehiaketa, batukada… Eta, amaitzeko, kontzertuak txosnagunean, Bayou La Batre, Amooma eta DJ Rosa Mariren eskutik.
Igandean amaituko dira jaiak, asteburuko ajea arintzeko Benito Tabernan 16:00etan antolatu duten mus txapelketarekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!