Kulturak elkartasunez blaitu zituen Gasteizko bost auzipetuak
Irailaren 16an abiatuko da 11/13 makroepaiketa. Horren atarian, larunbateko mobilizazioarekin borobilduko den elkartasun astearen baitan, hamaika ekimen kultural izan ziren atzo Gasteizko kaleetan.
Elkartasun astea: Kultura ere makroepaiketaren aurka
Astelehenean eman zitzaion hasiera elkartasun asteari. Larunbata bitarte mahinguru, emanaldi kulutral, asanblada eta bestelako ekimenak egingo dira Gasteizeko toki desberdinetan 5 auziperatuei babesa adierazteko.
Asteartean Asier ETA biok filma proiektatu zen Florida zinemetan. Aurretik, filmaren zuzendari den Amaia Merinorekin eta Asier Arangurenekin solasaldia antolatu zuten.
Atzo, ordea, Kultura, elkartasunez blai! ekimenaren txanda izan zen, 19.00etatik aurrera. Gasteizko plaza ezberdinak eta Gaztetxea hartu zituzten dozenaka sortzailek auzipetuei elkartasuna adierazteko.
Aldabe Plaza
Aldabe Plazan, Alde Zaharra eta Errotaren arteko mugan, Noname eta Ziklone musika taldeak aritu ziren, Andere Arriolabengoa, Aroa Arrizubieta, Paula Amliburu eta Ruben Sanchez bertsolariekin batera.
Gasteizko Gaztetxea
Gasteizko Gaztetxean Prospectus antzerkiak ireki zuen arratsaldeko egitaraua. Bertso musikatuetan Izar Mendiguren, Unai Anda, Iñaki Viñaspre eta Oihane Prea aritu ziren kantuan. Bukatzeko Tara eta Hiena teldeek kontzertua eskaini zuten.
Foru Plaza
Dantza ikuskizunak, akrobaziek, poesia musikatuak eta errepresioaren aurkako antzerkiak hartu zuten Erdialdeko Foru Plaza.
Pepe Ubis Plaza
Judimendiko Pepe Ubis plazan ere poesia musikatua eta antzerkia egon ziren Nisuneren eskutik. La Pulga eta Iramo musika taldeek ere kontzertua eskaini zuten.
Labastida Plaza
Bestalde, Zabalganako Labastida plazan, musika klasikoa eta jazz-arekin ekimenari hasiera eman ostean, Jare dantza taldeak dantza plaza gidatu zuen. Azkenik, Begi Truk eta Piztu Punk taldeen kontzertuekin eman zitzaion amaiera eguneko egitarauari.
Elkartasun Uholdea
Gaur, irailaren 6an, ostirala, Porrotx, Ane Gebara ipuin kontalaria, txiki zirkua eta Basakatuak musika taldea elkartuko dira Salburuako ekialde parkean motxiladun umeen egoera salatzeko Motxiladun ume gehiagorik ez! izendatu duten ekimenean.
Elkartasun asteari amaiera emateko mobilizazio handi bat burutuko da Gasteizen irailaren 7an. Hitzordua 19.00etan izango da, Andra Maria Zuriaren plazan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!