13 urteren ostean Armentiara bueltatuko da Araba Euskaraz igandean
Lau gune egongo dira ekainaren 16an Armentia auzoaren inguruan.
2006an egin bezala, igandean, ekainaren 16an, itzuliko da Araba Euskaraz Gasteizko Armentia auzora. Lau gunetan egongo dira ekintza guztiak: Armentia ikastolan, Pradon, Mineralen eta Armentian. Beraz, nahiko ibilbide laburra izango du Arabako Ikastolen Jaiak.
11:00etan emango diote hasiera jaialdiari ikastolan egingo duten ekitaldiarekin. Jaia amaitu bitartean, Gasteiz Kantuz, Ttek elektrotxaranga, Armentia dantza taldea, Big Band Berri jazz banda, herri bazkaria eta Imanol Iturriño magoaren saioa hartuko ditu gune horrek.
Auzotik apur bat urrunduta, Prado parkean, Dantza Plaza, bertsolariak, Potx eta Lotx pailazoak, swing dantza taldea edota O´Xabiren dantzaldia izango dira.
Mineralean, bertsolari, trikitilari, Olatz Pagaldairen bakarrizketa eta Ham sinfonia korporatiboaz gain, Osterabe, Iont eta Wood String musika taldeak ere arituko dira.
Armentia parkean, azkenik, Araba Bizi Karpa jarriko dute. Zumba saioak, munduko musikak, Dantza plaza, Joselu Anaiak taldearen dantzaldia eta Skabidean & The Black Birds nahiz Ze Esatek! musika taldeak egongo dira egun osoan.
Ginkana moduko bat ere ez da faltako, Erronka izenekoa eta gune guztietan presente egongo dena: Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Ikastoletako DBHeko mailetako gazteentzako proba da hau. Artisauak, puzgarriak, munduko musika eta janariak, rokodromoa, jolasak, globo aerostatikoa edo tailerrak ere ez dira faltako.
Egitaraua osorik
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!