“Errepresioak ez du mugarik, eta Aiaraldea osoaren elkartasuna ere bildu nahi du”
Agerraldia egin dute gaur Tubacexen Laudioko fabrikaren aurrean Aintzane Mendiari elkartasuna adierazteko. Langileak datorren astelehenean deklaratu beharko du Gasteizko epaitegian, eta mobilizazioa egingo dute berari babesa eman eta egoera salatzeko. through Aiaraldea.eus
Agerraldia egin dute gaur Bizkaiko Metalgintzako, PCBko, Petronorreko eta Tubacexeko gatazkengatik inpuntatutako langileek Laudion. Aintzane Mendiari elkartasuna adieraztea izan da ekimenaren xede nagusia, langile horrek datorren astelehenean deklaratu beharko baitu Gasteizko epaitegian, Tubacexeko greba mugagabean atxilotua izan ostean.
Orain arte egondako bestelako inputazioen logika bera du Mendiarenak ere, agerraldian salatu dutenez: “horrelako jardueren helburua da langileak jazartzea, kriminalizatzea eta beldurtzea, egunero langile-klasearen eskubideen aurka egiten duen patronal gupidagabeari aurre egiteari uko egin diezaiogun”.
Horri lotuta, langileek nabarmendu dute kasu horiek ez direla gertakari isolatuak. Euren hitzetan, patronalak “lankidetza estua” du Eusko Jaurlaritzarekin, eta honek Ertzaintza bidaltzen du “protesta zilegiak erreprimitzera”, ondoren autoak egiteko, “gaur hemen salatzen ditugunak bezain ondorio larriekin”.
Horren aurrean, lan gatazketan inputatuak izan diren beharginek ziurtatu dute enplegua eta lan-baldintzak baino ez dituztela defendatu, eta aldarrikatu dute borroka dela langileek duten “mekanismo bakarra inpozisioari, prekarietateari eta pobreziari aurre egiteko, eta patronalaren aurrean negoziazioan presio-gaitasun handiagoa izateko”.
Euren ustez, horren “adibide argia” da Aintzane Mendiaren kasua: “Gogoratu nahi dugu Tubacexek enpresaren bideragarritasunerako eta etorkizunerako 129 langile kaleratzea ezinbestekoa zela esan zuela. Langileen borroka eta determinazioa izan zen kaleratze horiek saihestu zituen gauza bakarra”.
Multinazionalak iragan astean iragarritako 17 milioi euroko irabaziak ere izan dituzte hizpide. Langileen ustez, albiste horrek “argi” erakusten du enpresa gezurretan ari zela, “eta larriena da gatazkan Eusko Jaurlaritza eta erakundeak zuzendaritzaren alde jarri zirela, zuzendaritzaren argudioak bereak eginez eta gatazka kriminalizatuz eta zapalduz”.
Horrez gain, nabarmendu dute Mendiarena ez dela Tubacexeko greba mugagabeari lotutako prozesu judizial bakarra. Gogoarazi dutenez, Tubacexeko langile batzuek eta eskualdeko gazte batzuek ere deklaratu behar izan dute, “euren aurkako inpuntazio larriekin”: “Errepresioak ez du mugarik, eta Aiaraldea osoaren elkartasuna ere bildu nahi du, hori funtsezkoa izan baitzen kaleratze kolektiboaren aurkako borrokan”.
Mobilizazioa Gasteizen astelehenean
Bukatzeko, deialdia zabaldu dute langileek: mobilizazioa egingo dute datorren astelehenean, azaroak 7, Gasteizko Zigor Arloko 1. zenbakiko epaitegiaren aurrean, 10:30ean, “Aintzane zurekin gaude, borroka ez da delitu” lemapean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!