Eneritz (Iñigo Cabacasen senide eta lagunak): “Babes sare bat sortzen da ertzainen artean, inpunitatea bermatzeko”
Astelehenean hasi zen Iñigo Cabacasen erahilketagatik 6 ertzainen aurkako epaiketa. Zuhurtziagabekeria handiko giza hilketa kargua egozten diete, eta 4 urteko zigorrak eskatzen ditu akusazio partikularrak ertzain bakoitzarentzako. Fiskalak, bere aldetik, absoluzioa eskatzen du.
Cabacasen senide eta lagunen izenean hitz egiteko Eneritz izan dugu gaur Hizpidean, epaiketaren lehen egunetako balorazioa egiteko, eta orain arteko prozesua kontatzeko. 2012ko apirilaren 5a zen ertzaintzak botatako pilota batek Iñigoren buruan jo zuenean. Handik bost egunera hil zen, apirilaren 9an. 6 urte beranduago hasi da epaiketa, eta oztopoz beteriko bidea izan da Iñigo Cabacasen senide eta lagunentzat.
Ertzainen deklarazioak kontraesanez beteak egon dira. Lehenengo deklaratu zuen ertzain ohiak (erretiratua dago ertzaintzatik) esan zuen egun hartan ez zegoela egindako operatiboaren beharrik, eta poliziak erabilitako indarra gehiegizkoa izan zela. Gainera, kaleko istiluetan esperientziarik ez zuela esan zuen, eta ez zeukatela gomazko piloten erabileraren inguruko ezagutza nahikorik. Bestalde, gainontzeko ertzainek deklaratu dute Iñigo Cabacas hil zuen operatiboa “egokia eta zuzena” izan zela, eta antzeko liskarretan ekitera ohitutako ertzainak zirela bertan zeudenak, “Akademiatik txapelarekin baino, kaskoa jarrita ateratakoak.”
Ugarteko ezizenez ezagutu da egun hartan aginduak ematen egon zen ertzainburua. Egun hartako polizien komunikazioen audio batean agertzen da nola bertan zegoen polizia batek egoera kontrolpean zegoela esan zuen, eta Ugartekok hala ere “daukagun guztiarekin” sartzeko agindua eman zuen. Audio honek heriotzaren erantzukizunari buruz iritzi argi bat sortzen dutela salatu izan dute Cabacasen gertukoek. Hala ere, Ugarteko (Iñaki Larrea) ertzainburua ez da akusatuen aulkian eseriko.
Polizien zigorgabetasunaz, Iñigoren heriotzeko erantzukizunez eta beste hainbat konturen inguruan hitz egin digu Eneritzek. Elkarrizketa osoa entzungai hemen.
-
Hizpidea: Eneritz (Iñigo Cabacasen senide eta lagunak): "Babes sare bat sortzen da ertzainen artean, inpunitatea bermatzeko"??:??:??
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!