Greba mugagabea egingo dute Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek
Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek irailetik aurrera egingo duten grebaren jakinarazpena erregistratu dute.
Alea.eus bidez
Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen gehiengoak sektoreko enpresek proposatutako hitzarmen kolektiboaren kontra bozkatu du, eta, horrenbestez, irailetik aurrera greba mugagabea egingo dute. Gaur erregistratuko dute Lan Ordezkaritzaren bulegoetan grebaren jakinarazpena.
Iragan asteazkenean bildu ziren sektoreko enpresak, Arabako Foru Aldundia eta langileen ordezkariak, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak hain zuzen. Hitzarmen kolektibo berri bat adostea zen helburua, izan ere otsailaz geroztik hainbat protesta eta lanuzte egin dituzte zerbitzuko langileek, 2011. urtetik izoztuta duten hitzarmen kolektiboa berritzeko eta lan baldintzak hobetzeko.
Alta, sektoreko enpresek mahai gainean jarri duten proposamena ez dute begi onez ikusi langileek. Horren arabera, ez da soldataren igoerarik izango aurten, 2019an %4,1 igoko lirateke soldatak, eta 2020an %2. Langileen batzarrak atzera bota du proposamena, eta protestak areagotzea erabaki du. Hortaz, irailetik aurrera greba mugagabea egingo dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!