Errekaleorreko baratze komunitarioak ireki dituzte berriro ere
Gasteizko auzo okupatuko lurretan ortua egiteko lursail bat hartu dezakete herritarrek. Hainbat dozena baratze martxan dira jada, eta kopurua handitzeaz gain proiektuaren izaera komunitarioa indartu nahi dute orain. through Argia.eus | Zigor Olabarria Oleaga
“Proiektu komunitario batean lur zati bat lantzea gustatuko balitzaizu… Esperientzia pertsona gehiagorekin partekatu nahi baduzu… Autogestioa eta horizontaltasuna interesatzen bazaizkizu… Jar zaitez gurekin harremanetan porrupatata@protonmail.com helbidean” azaldu dute proiektuaren arduradunek sare sozialetan.
Elikadura eta komunitatea
Lau urte dira Errekaleorreko auzokideek auzoaren inguruko lurrak gasteiztar guztiei ireki zizkietela. Gonbidapenak harrera oso ona eduki zuen, eta gaur egun ehun pertsona baino gehiagok lantzen dituzte hainbat dozena baratze txiki: adinekoak, gazteak, umeak, migratzaileak, auzotarrak, Gasteizen jaioak, familiak, norbanakoak, taldeak. Bada ortu komun bat ere, Errekaleorreko asanbladatik kudeatzen dena, eta bertan sortutako elikagaiak auzoaren beharrak asetzera.
Lur zati bat hartzeko parada ireki du berriz ere Errekaleorrek orain, denbora batez aukera hori gelditu ostean proiektua birpentsatzeko. Deialdi berriarekin, baratze berriak sortzeaz gain partaide guztien arteko elkar ezagutzea sustatu nahi dute arduradunek, eta proiektuaren izaera komunitarioa eta autogestionatua sakondu. Esaterako, auzolan kolektiboak deituz edo zenbait ardura kolektiboki kudeatzeko batzordeak sortuz.
Herri mugimenduak ere
Herri mugimenduek ere badute aukera baratze bat hartzeko. Horrela egin zuen urtebete dela Gasteizko Herrizoma elikadura sareak. Taldean lantzen dute lurra auzokideek, eta ekoizpena Gasteizko Alde Zaharrean duten lokalean uzten dute nahi edo behar duenak musu-truk hartu dezan. Asteartean hain zuzen ere, auzolanerako deia zabaldu dute: “Udan barazki komunalak jaso ahal izateko lanean hasi behar dugu! Baratza lantaldea topera hasi da eta ahalik eta esku gehien behar ditugu tomateak eta tipulak landatzeko”.
Errekaleorreko baratza komunalak berriro ireki dira!
🥒🥬🌽🥕🍓🌶🍅
Las Huertas comunales de Errekaleor se vuelven a abrir! pic.twitter.com/ohD51SYucf— Errekaleor Bizirik! (@Errekaleor) May 6, 2022
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!