‘De Miguel’ auziaren epaia abenduaren 17an jakinaraziko dute
Akusatuak eta horien abokatuak 10:00etan deitu dituzte. Alfredo de Miguel Arabako EAJren agintari ohia da akusatu nagusia; 29 urteko kartzela-zigorraren eskaria egin dute harentzat. through Alea.eus
De Miguel auziaren epaia abenduaren 17an jakinaraziko dute. Orain arte, ustezko ustelkeriagatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako epaiketarik handiena da: 26 akusatu daude, tartean Arabako EAJren hainbat agintari ohi. Arabako Probintzia Auzitegiaren bigarren aretoak 10:00etan deitu ditu akusatuak eta horien abokatuak, epaia irakurriko den ekitaldi publiko baterako.
De Miguel auziaren epaiketa 2018ko urtarrilaren 8an hasi zen, eta urte horretako abenduaren 19an geratu zen epaiaren zain. Akusatuen artean, Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi eta foru ahaldun ohi dago; Fiskaltzak, guztira, 29 urte eta 9 hileko kartzela-zigorra eskatu du harentzat, hogei bat deliturengatik; besteak beste, legez kontrako elkartzea, kapitalen zuriketa, funtzionario-eroskeria pasiboa, hertsapenak, bidegabeko erabiltzea eta influentzia-trafikoa egozten dizkiote.
De Miguelez gain, Arabako EAJren beste bi buruzagi ohi ere badaude, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria, hain zuzen ere; Fiskaltzak 13na urte eta 7na hileko espetxe-zigorra eskatu du haientzat.
Epaiketan, kartzela-zigorrak murriztu egin zituzten; izan ere, hasiera batean, Fiskaltzak 54 urte eta 11 hileko espetxe zigorra egin zuen De Miguelentzat, eta 32 urtek eta bi hilekoa Otxandianorentzat eta Telleriarentzat.
Sare bateko buruak
Ministerio Publikoaren arabera, De Miguel, Ochandiano eta Telleria sare bateko buruak ziren; horren xedea zen, EAJrekin zuten lotura baliatuta, alderdi horrek zuzentzen zituen erakundeetan kontratu eta esleipenak lortzea, bai eta lehiaketa horietan aurkezten ziren enpresen komisioak bereganatzea ere.
Epaiketaren azken egunean, De Miguelek ezeztatu egin zituen delituak, eta ziurtatu zuen frogatua zela ez zuela izan legez kontrako aberasterik; hortaz, haren defentsak absoluzioa eskatzen du, eta ezeztatu du haren aurkako kargu-frogarik egotea.
“Gauza batzuk gaizki egin ditut, eta damutzen zait, benetan; atzera bueltatu ahalko banu, ez nituzke egingo, inolaz ere ez. Baina inoiz ez dut deliturik egin; are gutxiago, egotzi dizkiguten delitu horiek”, esan zuen De Miguelek, azken hitza erabiltzeko eskubidea gauzatu zuenean.
Komisioak eskatu zituela salatu zuten
Auziak 2009ko abenduan du jatorria. Orduan, Ainhoa Alberdi abokatuak salatu zuen De Miguelek, garai hartan Tokiko Administraritzako foru ahalduna bera, 100.000 euroko komisioa eskatu ziola, Arabako Teknologia Parkearen handitzeko prozesuan bitartekari-lanak egiteagatik.
Iñigo Urkullu egungo lehendakaria alderdiaren presidentea zen orduan, eta eskatu zien auzipetuei alderdiaren txartela emateko, alderdiak kalterik ez pairatzeko. EAJrekin lotura zuten akusatuek dimisioa eman zuten, 2010ean atxilotu zituztenean.
Akordioa
2018ko udan, epaiketak etenaldia izan ostean, Arabako fiskal buruak jakinarazi zuen hitzarmena zuela egina 26 akusatuetako 9rekin. Bederatzi horiek onartu egin zuten “legearen aurkako komisioak kobratzea xede zuen talde kriminala” zegoela. De Miguelek, aldiz, ez zuen hitzarmen horrekin bat egin, eta berretsi egin zuen errugabea dela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!