“CAN: El gran golpe” dokumentalaren estreinaldia, florida zinemetan
Nafarroako kutxa desegitea kontatzen duen dokumentalaren emanaldia, Luis de Ajuria aretoan eskaintzea aurreikusita bazegoen ere, Vital Kutxaren zentsura dela eta, Florida zinemetan izango da urriaren 23an.
“Los trileros forales” dokumentalaren estreinaldiak izandako arrakastaren ondoren, Hala Bedi eta Ateak Irekiren eskutik trilogiaren bigarren atala aurkeztuko da Gasteizen: “Nork eraman du dirua?”. Dokumental honek, Nafarroako kutxan (CAN) izandako ustelkeria kasuaren nondik norakoak azaltzen ditu, “CAN, el gran golpe” izenburupean.
Hitzordua, datorren ASTEAZKENEAN, URRIAren 23an IZANGO DA, FLORIDA ZINEMETAN, iluntzeko 20:00etan. Dokumentalaren ondoren Kontuz!-eko (Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkartea) kide batek hitzaldia eskainiko du. Sarrera 2 euro izango da, Hala Bedi tabernan (Kutxi, 98) zein leihatilan bertan eskuratzeko aukera izango du nahi duenak; dokumentala euskarri fisikoan berriz, zinema aretoan bertan salgai jarriko da.
Dokumental honek, Nafarroako kutxa publikoa nola desegin zuten azaltzen du, Nafarroako ustelkeria sistema aztertzearekin batera. Horretarako, honen lekuko nagusi izan diren oposizioko politikariak, ustelkeria kasuak eta CAN-eko diru erabilera desegokia ikertu dituzten kazetariak, desegindako kutxako langileak, CAN-en arduradunen aurkako prozedura daramaten abokatuak, Kontuz!-eko kideak eta bestelako norbanakoak izango dira ikus-entzunezko lan honen protagonistak.
“Nork eraman du dirua?” Trilogiak, Nafarroako egoera ekonomikoaren arduradunak zeintzuk diren argitu nahi du, hauek botere sistema honetatik ateratzen zuten etekina nola banatzen zen azalduz. Kargu publikoak, Sindikatu eta alderdi politikoak, Eliza eta Opus Dei, enpresak, multinazionalak eta beste pertsonaia batzuk…. hauek guztiak, diru publikoaren kontura aberastu dira, nafar guztien lepotik. Egun, dirurik ez dagoela ziurtatzen digute, gerrikoa estutzearen beharraz dihardute, galdera ondokoa da: Non da Nafarroa idiliko eta oparoa? Nork eraman du dirua?
Baina kontua haratago doa, UPNk dokumentala ikastetxe publiko baten proiektatzea debekatu bazuen ere, 500 ikusle izan ziren trilogia honen lehen atala ikusten. Bitxia da, zentsuraren mamuak Gasteizen ere behatzak luzatu ditu eta hemen ere antzeko zerbait gertatu da. Estreinaldia, Luis Ajuria aretoan eskaintzea aurreikusten zen, areto hau Vital Kutxaren Gizarte Ekintzarako sailak kudeatzen du, egun Kutxabank. Aretoaren erabilera ahalbidetzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak bete arren, dokumentalaren proiektatzea debekatu dute Nafarroako kutxari (CAN) buruzkoa delako. Aretoaren arduradunen arabera, Vital Kutxak (Kutxabank-ek) ez du inolako arazorik nahi desegindakoNafarroako Kutxarekin. Arduradunek ematen duten azalpen bakarra da hau eta eskatu arren, ez dute ezezko erantzuna idatziz eman nahi izan.
Beraz, dokumentala Florida zinemetan ikusgai izango da, 2 euroren truke, aretoa alokatzeak suposatzen duen gastuari aurre egiteko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!