Cachán: The True Story
Non dago Kasakatxan? Alarma egoera honetan joan al naiteke Kasakatxanera? Baina izan zen inoiz Casa Cachán? Cachánen kalea? Nor zen Cachán? Non dago zure Kasakatxan?
Non dago Kasakatxan? Alarma egoera honetan joan al naiteke Kasakatxanera? Baina izan zen inoiz Casa Cachán? Cachánen kalea? Nor zen Cachán? Non dago zure Kasakatxan?
Kasakatxango taldekideok, alarma egoerak bultzatuta, bidaiatu ezinean eta bidaiez hitz egin ezinda, saiakera egin dugu geure izenaren inguruan dagoen guztia jakiteko. Asperdurak, eta daukagun Estatu autopolizial honek galdera hauei guztiei erantzunak bilatzera bultzatu gaitu.
Azalpen hauexek ematen ditugu guk geuk Hala Bediren webgunean:
“Kasakatxanek Asia erdialdeko leku urrun bat iradoki ahal digu. Guztiz bestelakoa da, ordea, bere kokalekua: Casa Cachán gasteizko parte berrian zegoen janari-denda moduko bat zen, hiri zahar gotortutik ehun edo berrehun metro pasatxora. Baina auzokideentzat, eta, batez ere, txikienentzat, harresiek ematen zuten segurtasun eta erosotasunetik aparteko leku urrun bat zen; “Resbaladero” hots egiten zioten aldapa batetik beste inondik joan ezin zen lekutik iritsi ahal zena; urruneko leku bat, bertaratzeko gaitza, iritziko zioten. Gaur egun, kasakatxan hitzak -slang gasteiztarrean- leku urrun, estrainioaren esanahia du. Kasakatxan gure munduaren amaiera partikularra da.
P.D.: Casa Cachánen eta alde zaharraren arteko distantzia 9’’koa da (segundo sexagesimal edo arkosegundo). Distantzia ezdeusa”
Dena den, egiatan, XIX. mendearen amaiera aldera bazegoen kalezulo bat Cachán izena zuena, Posta, Bake, Foru eta Independentzia kaleen arteko etxadian. Cachánen Kalezulorako sarrera gaur egun Independentzia deritzogun kaletik egiten zen. XIX. mendeko 80ko hamarkadako zenbait planotan, argi adierazten da kalezuloa. Hemen ikus dezakezue.
Gaur egun, Google Mapsek esaten digunagatik, Kutxiko irteeratik Cachánen kalezuloa zegoen lekura 5 minutu daude, 400 metro. Ez zegoen urrun.
Venancio del Val kronikalari gasteiztarrak bi liburu utzi zizkigun, “Calles Vitorianas” izenburudunak, 1944an eta 1979an publikatuak – BNEtik deskargatu ahal dituzue-. Liburuotan, gaur egungo gure geografiako hainbat leku deskribatzen dira. Gertueneko dendara baino hurbildu ezin dugun garaiotan, interesgarria izan daiteke lan hauek berrirakurtzea, eta dagoeneko ikusten ez dugunaz kontatzen digutena deszifratzen saiatzea. Zergatik ez dugu erosketetako poltsa hartu, eta auzoan zehar egiten dugun bueltaxka luzatzen?
Hauxe kontatzen zuen Cachánen Kalezuloaz 1944ko edizioan:
“1867an izena hartu zuen beste kalezulo bat da. Ez dauka irteerarik, eta Independentzia Kalearen 3 eta 5 etxeen artean dago, lehen Baterien Ate izan zena, eta jatorriz kalezuloaren parte zena. Erregearen Atetik Dato Kalera jaisten zen bide baten parte ere bazen, pasa den mendeko idazle ilustratu baten kronikan uler daitekeenagatik. Bidea -dio- erregearen bateriaren inguruetatik abiatzen zen; Zezen Plaza zaharraren lurretatik jaisten zen, Olagibel kalearen erdi aldera arte; Oriente kale aldera joaten zen gero, Laureano Aldekoa margolariaren etxearen parean zeuden etxadien parean sartu arte. Han, amaieran zegoen Cachán Kalezuloa, etxerik gabe mantentzen den bidearen azken zatia. Barreren Atarira ateratzen zen, 4. zenbakitik sartu eta Foru Kalearen 3. zenbakian ateratzen zen. Legardako Markesaren etxe zaharraren hormaren eta Foru kalearen 2. zenbakiaren artean jarraitzen zuen, San Prudentziorekin iskina eginda. Kale hau igarota, 24aren orubean segitzen zuen, zirkoaren lurretan, Arimen putzuaren, Dato Kalearen eta Amaricaren lorategien ingurumarietan desagertzeko.
Cachán gasteizko tipo bat zen, maiz goratua, eta herritarrek oraindik beren esamoldeetan aipatua. Izena ematen dion kalezuloan bizi zen. Nekazari zahar bat zen, narratsa eta tximaluzea. Jaka bizkarrean, oin batean espartina, bestean bota eta zakua eskuan ibiltzen zen.”
Badakigu, beraz, kalezulo horrek 1867tik daramala izen hori, eta izenak “gasteiztar goratu” bati egiten diola erreferentzia, nahiz eta berari buruz egiten duen deskripzioa hala moduzkoa den. Kontua da, 1917an, Erraldoi eta Buruhandien Udal Konpartsaren aurkezpena egin zenean hauek zirela lau buruhandien izenak: Celedon, El Pintor de Vitoria, Escachapobres (etxegabeei enbarazo egiten aditua zen munipa moduko bat) eta Cachán (umeak izutzen zituen zahar narrats moduko bat).
Gure pertsonaia/lekuaz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago hazten da xehetasun gehiago jakiteko antsia: Venancio del Valek, 1979ko edizioan, Independentzia kaleari buruz ari denean Cachanen Kalezuloa desagertu dela iragartzen digu.
“Barreras izena -independentzia kalearen bigarren zatiaren bigarren zatiak hala izena zuen- bertan zeuden babes-hesi batzuengatik zeukan, hiriaren sarrera izaki. Hasierako garaietan etxe gutxi batzuk besterik ez zeuden.
Alde batera eta bestera, dagoeneko desagertutako kalezulo batzuk zituen: Mendiarena deitua, 26 zenbakidun etxean zegoena, eta Cachánena, desgertu berri dena, Aurrezki Kutxa Probintzialaren eraikinaren ondoan zegoena.”
Laburbilduz: XIX. mendearen erdialdean Kasakatxango geografia baratze batzuek – eta beren baserriek- osatzen zuten, eta hiriaren periferiaren mugan zegoen. Litekeena da gure pertsonaia loriatua bertan bizi izana. Egia da, hiriaren amaieran bizita, balio pedagogikoa zuela (ez Waldorf metodologiakoa, noski), ume zentzudun batek esplora lezakeenaren mugan, haren lurretan sartu ezin den zakudun gizon baten irudia bultzatzeak, muturreko abenturak saiheste aldera. Cachán beraz, nahi edo nahi ez, narratsago edo txukunago, mugako pertsonaia bihurtu zen, eta defendatzen zuen lurrari bere izena eman zion. XIX. mendearen amaieran hiriak kolonizatu zuen bere lurra, eta baratza kalezulo bilakatu zen, eta bertan janari-denda bat zegoen, haren oinordekoek bizia nonbaitetik atera ahal izateko.
1917an pertsonaia buruhandi bihurtu zen, gure hirian izan daitekeen ohorerik handiena. XX. mendearen zati handi batean, kalearen kokalekua urrunegi eta eskuragaitz jotzen zuen hiritarren gehiengoak, harik eta hirurogeita hamarreko hamarkadan, lurperatuta gelditu arte, Ninive bezala.
Eta hona artekoa gure kazetari-ikerketa, bizi ditugun egun distopiko hauetan.
Gustatu zaigu jakitea Cachán outsider bat zela.
Eta orain, itxita gaudela, eta gure auzokideak “La invasión de los ladrones de cuerpos”ekoak moduan ikusten ditugularik, kontaguzu zure Kasakatxana zein den, itzuliko zaren leku hori, bizirik ateratzen bazara, noski. Leku estrainio hori, urruna eta ederra, Tannhauserko atetik haratagokoa. Elkarbanatu gurekin, egoista halakoa. Bidaliguzu argazki bat, ubikazio bat, deskripzio bat. Berandu da sekretuak gordetzeko!
Bidali hona: kasakatxan@gmail.com edo Facebook bidez
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!