Bi gazte atxilotu dituzte emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Taser pistola batekin mehatxatu zuten. through Alea.eus
22 eta 23 urteko bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Gasteizen, emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ohar bidez jakitera eman duenez, taser pistola bat erabili zuten mehatxu egiteko.
Asteazken arratsaldean jazo zen erasoa, emakumearen etxean. Ustez prostituzioan aritzen da emakumea, eta bezero izan nahi zuela zioen gizon baten deia jaso zuen. Zehazki hitzordurik zehaztu ez bazuten ere, bere etxean agertu zen gizona. Behin barruan, taser pistola atera zuen eta harekin mehatxu eginda, bortxatu egin zuen. Sexu-erasoaren ostean, gazteak dirua eta bitxiak lapurtu zizkion eta etxeko atea ireki zuen lagun bat sartu zedin. Hark etxe guztia arakatu zuen gauza gehiagoren bila.
Etxetik ihes egin zutenean, Ertzaintzari deitu zion emakumeak, eta ospitalera eraman zuten.
Ostiralean, ustezko bortxatzaileak ezkutatzen ziren etxea topatu eta atzo atxilotu zituen Ertzaintzak. Askatasun sexualaren kontrako delitu bat eta beldurra eraginez lapurreta egitea egozten diete. Aurrekari penalak dauzkate atxilotuek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!