Barrikada, poliziaren argindar mozketa eta tentsio uneak Tubacexeko grebaren 41. egunean
41 egun bete dituzte gaur Tubacexeko langileek greban, zuzendaritzak ezarri nahi dituen 129 kaleratzeen aurka. Dozenaka behargin batu dira goizeko lehen ordutik Laudio eta Amurrioko lantegietako sarreretan. Poliziaren presentzia handia egon da bi tokietan, eta tentsio uneak egon dira, istilurik gertatu ez den arren. through Aiaraldea.eus
Amurrion langileek barrikada bat egin dute lantegiko sarreran, zuzendaritzako eta bulegoetako langileen autobusari sarbidea zailtzeko. Poliziak langileak zokoratu eta furgoneta baliatuta, kendu ditu bidean pilatuta zeuden zaborrontziak.
Horrez gain, udalak langileei jarritako argi-korronte kablea izorratu du Ertzaintzak, zizaila erabilita. Piketeetako bafleetatik poliziaren aurkako kantu bat jartzen ari ziren unean egin dute hori.
Edonola ere, tentsio une gorenenak gero egon dira, langileak errepidean autobusaren aurrean jarri direnean. Hala ere, ez da inolako istilurik egon, eta autobusa sartu denean, joan dira Ertzaintzaren patruila guztiak industriagunetik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!