Azalpen gehiago ematea edo errektifikatzea eskatu diote baserritarrek Laudioko Udalari
Haserre azaldu da Hiltegia Ez Itxi plataforma, iragan astean Laudioko Udalak azpiegitura itxita mantenduko zuela iragarri ostean. Baserritarren iritziz, uztailaren 2an ezarritako kautelazko itxiera aldez aurretik pentsatutako erabakia zen. through Aiaraldea.eus
‘Hiltegia Ez Itxi’ plataformak irailean egindako mobilizazioa. / Aiaraldea.eus
Laudioko Udalak hiltegia itxita mantenduko zuela iragarri zuen urriaren 21ean, azpiegitura berriro zabaltzeko prozedura guztia bertan behera utziz. Albisteak haserrea piztu du Hiltegia Ez Itxi plataforma osatzen duten ekoizle, harakin eta kontsumitzaileen artean, eta iragan urriaren 21ean egindako adierazpenak errektifikatzea edo azalpen gehiago ematea exijitu diote Udal Gobernuari.
Besteak beste, hiltegiak osasun baldintzak betetzen ez zituela azaldu zuten Ander Añibarrok eta Joseba Amondok prentsaurrekoan. Baserritarrek ez dituzte adierazpenak onartu, eta bete gabeko osasun baldintza horiek zeintzuk diren zehaztea eskatu diete udal ordezkariei. Osasun baldintzak ez betetzeagatik salaketarik egon den, eta egotekotan zigorrik ezarri den eta neurri zuzentzailerik hartu diren jakin nahi du ere plataformak.
Defizita zalantzan
Hiltegiaren itxiera defendatzeko tokiko erakundeak mahaigainean jarritako beste argudio nagusietako bat, hiltegiaren izaera defizitarioa izan zen. Udal Gobernuak 80.000 eta 50.000 euro artean kokatu zuen azpiegiturak urtean sortutako zorra. Hiltegia Ez itxi plataformak kezkagarritzat jo du udalak defizit hori zehaztu ezin izana.
Plataformak aurkeztutako datuen arabera, 2018an hiltegiak 10.000 euroko irabaziak sortu zituen. “Horrek bi egoera posibletara garamatza, bata bestea baino okerragoa dena; lehena, 2019ko gatazkan gertatu zen bezala, datuen irakurketa zuzena egin ez izana, berez txarra dena, baina bigarrena are okerragoa litzateke, 2019an 10.000 euroko superabita duen azpiegitura bat hartu izana eta oraindik kuantifikatzen ez dakiten defizit batera eraman izana“, azaldu dute baserritarrek.
Baserritarren proposamena, “delitua”
Osteguneko prentsaurrekoan aipatutako hirugarren alor batek ere piztu du plataformako kideen haserrea. Izan ere, baserritarrek udal hiltegia behin behinean kudeatzeko egindako proposamena legez kanpokoa dela azaldu zuen Ander Añibarrok. “Ez dakigu jabetzen baden Laudion bertan kultur eta kirol elkarte ugari daudela beren jarduerak garatzeko azpiegitura publikoak kudeatzen dituztenak. Elkarte hauek eta udal hau delitutan ari dira?” galdetu du plataformak.
Are gehiago, Aguraingo eta Etxarri-Aranatzeko hiltegien adibideak jarri dituzte mahaigainean adibide modura. Bi udalerri horietan Aiaraldeko baserritarrek aurkeztutako alternatiba baliatu izan da , hitzarmen bidez, hiltegien kudeaketari eutsi ahal izateko.
Hori guztia dela eta, urriaren 21eko prentsaurrekoan esandakoak errektifikatzea edo azalpen gehiago ematea eskatu du Hiltegia Ez Itxi plataformak. Bere ustez, uztailaren 2an ezarritako hiltegiaren kautelazko itxiera aldez aurretik hartutako erabakia izan zen, eta aurkeztutako argudioak “ke estalki bezala erabilitako aitzakiak” besterik ez dira, plataformaren iritziz.
Udalaren jokabidea “absolutismo ilustratu berritzat” jo dute, “herriaren gizarte-ehunaren gainetik pasatzen”. Skate pistaren afera edo iragarritako anbulatorio berria jarri dituzte horren adibide moduan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!