Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari jarritako betoa baliogabetzat jo lezakete
Epaile baten ustez, Subilla Gasteizen gasa esploratzeari jarritako betoaren azalpena "osatugabea" da; hortaz, argudio gehiago emateko eskatu dio Udalari. Hala ere, oraingoz ez du baimendu Eusko Jaurlaritzaren proiektua, eta Udalak errekurritzeko aukera du. through Alea.eus
Asteazken honetan El Correo egunkariak argitaratu duenez, Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa esploratzeko proiektuaren inguruko prozedura judizialak zabalik jarraitzen du.
Gasteizko HAPOan jasotako hirigintzako araudiarekin “bateraezina” zela iritzita, Gasteizko Udalak Armentia-2 putzuan gas zundaketa egiteko baimena ukatu zuen 2020ko abenduan. 2021eko apirilean, proiektua “erabat baztertu” zuen Eusko Jaurlaritzak, baina lau hilabete beranduago, abuztuan, helegiteari eutsi ziola jakin genuen.
Orain, Udalaren erabakitik urtebete baino gehiagora, nobedadeak iritsi dira Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 3. Epaitegitik. Izan ere, epaitegi horrek erabaki du behin-behinean baliogabetzea Eusko Jaurlaritzari jarduera-lizentzia ukatzeko Udalak hartutako erabakia, haren argudioa “osatugabea” dela iritzita.
El Correok ezagutzera eman duen epaiaren ondorioz, Urtaranen gobernuaren ebazpena indarrik gabe geratuko da momentuz; hala ere, Eusko Jaurlaritzak ere —SHESA sozietatearen bidez— ez du izango zundaketa egiteko aukerarik. Epaitegiak behin betiko ebazpen bat plazaratu arte, behintzat.
Momentuz, Gasteizko Udalak helegitea jarriko duela iragarri du. Epaiaren arabera, Udalak ez du soilik zehaztu beharko zergatik gasaren esplorazioa hirigintzako araudiaren aurkakoa den; ordea, proiektu osoa ezetsi beharko du, “birsortzeke dagoen lursail baterako planteatzen den berroneratzeko esku-hartzea” barne.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!