Altsasuko bi gazte Zaballako espetxera mugitu dituzte
Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko gazteak Zaballako espetxean daude jada, Araban. Aratz Urrizola, auzi bereko gaztea, aste honetan bertan mugituko dute espetxe berdinera. Alfredo Remírez txiolaria ere bertan dago, kondenaren azken hilabeteak betetzen.
Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko gazteak Zaballako espetxean daude jada, Araban. Soto de Realgo (Madril) kartzelatik gerturatu dituzte Arabakora. Albistea aurreko ostiralean publiko egin zuten arren, asteazkenera arte ez zituzten Madrildik atera eta bi egun egon dira bidaia egiten, abuztuaren 24ko goizean Zaballara iritsi arte.
Datorren ortziralean, auzi berean epaitutako Aratz Urrizola ere bertara mugituko dutela zabaldu dute hedabide ezberdinek. Beraz, auziko hiru gazte gutxienez Arabako espetxean egongo dira. Beste hedabide batzuek, berriz, Adur Ramirez de Alda Iruñeko kartzelara hurbilduko dutela zabaldu dute.
Altsasuko zortzi gazteri kartzela zigorra ezarri zieten aurtengo ekainaren 1ean, herrian dagoen taberna batean egon zen liskar batean parte hartzea leporatuta eta Guardia Zibilen bertsioa babestuz. Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen aretoko epaimahaiak 79 urteko kartzela ezarri zien guztira zortzi gazteei. Zortzietatik zazpi daude espetxean.
Alfredo Remírez ere, Zaballan
Altsasuko gazteak ez dira Euskal Herriko espetxeetara hurbildu dituzten bakarrak. Abuztu erdialdean jakin izan zenez, Alfredo Remírez (@erreharria txiolaria) ere Zaballako espetxera lekualdatu zuten. Guztira, urtebete egingo du espetxean Remirezek, azaroan baitu irteera data. Basaurik, Zaragozan eta orain Araban egon da espetxeratuta.
Espetxe berdinean urteak daramatzan presoetako bat ere Txus Martin bizkaitarra da, larriki gaixorik dagoena.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!