Alazne eta Olatz (Iskanbila Editoriala): “Irakurri eta pasa, hori da gure proiektuaren filosofia”
Iskanbila editoriala jaio da, formakuntza eta eztabaida sustatzeko helburuaz.
Iskanbila editoriala jaio da, eztabaida eta formakuntzaren arlotik ekarpena egiteko asmoarekin. Hilabeteetako prozesuaren ondoren aurkeztu dute proiektua, “ideien gudan” sakontzeko, eta Euskal Herrian gaur egun puri-purian dauden eztabaidak elikatzeko. Iskanbilaren asmoa elkarrizketa sakonak, formakuntza politikorako testuak, itzulpenak eta bestelakoak eskaintzea da.
Honen inguruan mintzatzeko, Alazne eta Olatz izan ditugu Hizpidean. Pantailetatik bereizi eta paperean irakurtzeko nahia adierazi dute, irakurterrazak izango diren testu eta liburuxkak sortuko dituztela azalduz.
Lehen lana, dagoeneko, argitaratu dute “Hartuemana, kritika eta autokritikaren bitartez kidetasunean sakontzeko tresna” izenburuarekin. Horretan, kritika eta autokritikaren garrantzia aztertzen da, mugimendu iraultzaile ezberdinen esperientzietan oinarrituta. Proposamen praktiko bat ere badakar, militantzian eta kideen arteko harremanetan horrelako dinamikak garatzeko laguntza gisa.
Liburuxka Errekaleorreko Herri Inprentan ekoitzi dela azaldu digute eta momentuz Hala Bedi Tabernan edota Herri Inprentan dagoela salgai, euro baten truke.
Akitzeko, editorialarekin kontaktuan jartzeko e-posta eta sare sozialak dituztela aipatu dute eta gonbidapen batekin eman diote amaiera elkarrizketari: “Irakurri eta pasa!”.
-
Hizpidea: Alazne eta Olatz (Iskanbila Editoriala): "Irakurri eta pasa, hori da gure proiektuaren filosofia"00:11:39
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!