Aiaraldeko osasun zentroetako murrizketa kasuak salatzeko deia egin dute
Azken asteetan Amurrio eta Laudioko Etengabeko Arreta guneetan egondako gabeziak salatu dituzte gaurko agerraldian, eta horrelako gertakari oro salatzeko deia luzatu diete herritarrei. through Aiaraldea.eus
Dozenaka lagun bildu dira gaur eguerdian Laudioko anbulatorioaren aurrean, “SOS Aiaraldea” lemapean eginiko agerraldian eta herritarrek zein osasun zentroetako langileek hartu dute hitza.
Azaldu dute “kezkatuta” eta “haserre” jarraitzen dutela eskualdeko osasun sistemak bizi duen egoeragatik. Euren hitzetan, geroz eta gehiago ari da azaleratzen medikuak falta direla larrialdi zerbitzuetan, jendea beste herri batzuetara bideratzen dutela kasu horietan eta, ondorioz, herri horietan kolapsoa ematen dela lan karga gehiagarri hori jasotzen dutenean.
Azken egun hauetan eskualdean jazotako gertakariak jarri dituzte horren adibide moduan: “Amurrioko anbulatorioan ez zen medikurik egon martxoaren 27an eta 31n eta apirilaren 1ean: eta, horren ondorioz, bi orduko itxaronaldiak sortu ziren Laudion. Apirilaren 5ean eta 7an, aldiz, Laudioko Etengabeko Arreta Gunea egon da medikurik gabe”.
Nabarmendu dutenez, aipatutako kasu horiek ez dira puntualak. Euren ustez, “atzetik datorren arazoa” da, “horrelako gertakariak errepikatuz joan baitira azken urteetan”. Horrez gain, Usansoloko ospitalera joateko garraio publiko zuzena falta dela ere jarri dute mahai gainean, Aiaraldeko pentsiodunek eginiko aldarriarekin bat eginez.
Kasu ororen aurrean erreklamazioak egiteko deia luzatu dute, “kezka eta haserrea” bideratzeko modu egokia izan daitekeela iritzita.
Salaketa kanpaina
Horren guztiaren aurrean, agerraldian ziurtatu dute ez direla “ixilik” geratuko, eta salaketa kanpaina aurkeztu dute horretarako. “Jendea animatu nahi dugu Osakidetzan erreklamazio bat jartzera antzeko egoeraren batekin topo egiten dutenean, edo herritar moduan dituen eskubideak urratzen ari direla sentitzen duen bakoitzean”.
Euren hitzetan, bide hori eraginkorra izan daiteke “haserre eta kezka” guztia erregistratua geratu dadin, eta baita osasun publikoaren aldeko borrokan argudio moduan erabili ahal izateko ere.
Horrez gain, egoeren berri emateko e-maila eta Whatsapp zenbakia ere jarri dituzte herritar guztien eskura: aiaraldekogrebabatzordea@gmail.com eta 645 96 59 20.
Herritar orori luzatu diete bizi dituzten kasuak partekatzera. “Aurreko batean ere esan genuen: hau ez da horrelako agerraldiak egiten ditugun lehen aldia, eta ez da azken aldia izango ere, egoerak berdin jarraitzen duen bitartean. Salatu eta jakinarazi diezaguzu bizitzen duzun egoera oro”.
Gaur egin dute lehen urratsa salaketa kanpainan. Dozenaka kexa erregistratu dituzte anbulatorioan, azken asteetako gertakariak salatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!