Adingabeak dituzten familiak “kalean eta babes gabe” uztea egotzi diote Gasteizko Udalari
Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak eta Gasteizen Inor Ez Kalegorrian ekimenak elkarretaratzea egin dute Gasteizko Plaza Berrian, hirian bizi diren migratzaile eta familia zaurgarrienen aurrean udalak duen jarrera salatzeko. through Argia.eus
“Ezin da onartu. Kalean uzten ari diren pertsonez ari gara, eta bereziki adingabeez”, azaldu dute ostegun eguerdian irakurri duten komunikatuan Gasteizko elkarretaratzearen antolatzaileek. Azaldu dutenez, maiatzean Gorka Urtaran Gasteizko alkateari gutuna igorri zioten, konfinamenduaren ondorengo fasean, ez babesik ez etxerik ez zuten pertsona eta familia zaurgarrientzat irtenbide bat eskatzeko, baina ez dute erantzunik izan: “Antza denez, ez da loa kentzen dion zerbait”, gaineratu dute.
Normalean, gainera, pertsona horiei “ezkutuan estalita dagoen arrazismoak” ere eragiten die etxebizitzarik ezin aurkitu izateko. Bi elkarteek hainbat neurri proposatu dizkie Gasteizko Udalari egoera bideratzeko, hala nola Gasteizko alokairu-merkatua erregulatu eta bizitoki-baliabideak handitzea, aldi baterako harrera-guneetan dauden pertsonak babestea, gizarte-erroldatzea bermatzea…
Elkarretaratzean salatu dute, babes publikoaren faltan, kolektibo horietako pertsonek hartu behar izan dutela iniziatiba eta migratzaileak etxera eraman, “baita adingabedun familiak ere, Gasteizko zerbitzu sozialen arlotik ez baitiete bizitokirik eskaintzen, baliabide falta argudiatuta”. Azaldu dutenez, pabilioi industrialetan biziraun behar izan dutenak badaude, edo txarrenean hiria utzi dutenak.
Baliabide falta hori Araba osoan sumatzen dela nabarmendu dute eta Iñigo Urkulluren hitzak ere gaitzetsi dituzte, “Grezian dauden pertsonak hartzeko mezu hipokritak bidaltzen dituen bitartean, hemen daudenak erabat abandonatuta uzten baitituzte, berak eta bere alkateek”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!