Gasteiz dantzaraziko du Reggaearen Trenak bere hurrengo geltokian
Larunbat honetan Arabako hiriburuan egingo du bere geltokia 'The Reggae Train' proiektuak. Egun osoan zehar, hitzaldi, pintxada eta kontzertu ugari egongo dira taberna eta gune ezberdinetan.
‘The Reggae Train’ mugimendua 2018an sortu zen, Euskal Herriko herri ezberdinetan reggae jaialdiak antolatzeko asmoz. Jamaika aldean sortutako erritmoak batu nahi ditu jaialdi honek: ska, reggae, rocksteady eta gisa honetako soinuekin. Antolatzaileen arabera, “kaskamotz mugimenduaren inguruan sortutako giroa Euskal Herrian barrena murgiltzea” da bere helburu nagusia.
Hala Bediri azaldu dioten bezala, Euskal Herriko herrialde bakoitzak lantalde txiki bat sortu du jaialdi guzti hauek garatzeko eta Gasteizen izango du bere 5. geltokia. Aurretik, azken urtean zehar, Donostian, Iruñean, Baionan eta Bilbon izan ditu geltoki Reggae trenak.
Jaialdi honek “Euskal Herrian zehar erritmo jamaikarrak zabaltzen ari den jendearen artean” lotura sortzea ere badauka helburu. Izan ere, proiektua abiatu zuten lagunen arabera, hasiera batean “musika jamaikarraren eraginpean, talde asko sortzen ari ziren, kolektibo asko martxan jarri ziren, festa ugari antolatzen ari ziren”, baina amankomunean ezer gutxi antolatzen zen.
Horren ondorioz, bizirik zegoen eszena kontrakultural honen komunitatea bildu nahi izan zuten: selektoretan eta bai kontzertuetan bilatu izan da bai eszena lokala sustatzen duen jende eta beste lurraldeetako pertsonak bai eszenatokia eta platerrak elkarbanatzea.
Jamaikar doinuak Gasteizko kaleetan
Gasteizko geltokira proposamen ezberdinekin iritsiko da Reggae Trena, eta egun osoan zehar, musika jamaikar klasikoa oinarri hartuta, ekimen, hitzaldi, selektore eta kontzertuak egongo dira gune ezberdinetan.
Hasteko, Apatxe Sound egongo da musika jartzaile bezala Elizondo tabernan, bazkaltzeko ordua ailegatu arte. Hilabete gutxi batzuk daramatza tafailar honek bere biniloen soinua partekatzen baina etxean hauekin hezitu da. Antolatzaileek ohartarazi duten bezala, “selekter berria daukagu eta geratzeko etorri da”.
Ondoren, Old Tower Stuff binilo dendan, Reggae Fever irratsaioaren inguruko hitzaldia egongo da: 10 urteko ibilbidea duen irratsaio honen nondik-norakoak, hastapenak, txaskarriloak, etorkizuna… Bere esataria den Naken aurkituko dugu bertan.
Bitartean, Old Tower Stuff-en bertan, 10th April egongo da laminak saltzen. Izan ere, musika talde eta selektoretaz gain, bestelako artistak ere izango dira Gasteizeko geldialdian. Horietako bat Bartzelonatik datorren Sang d’Abril dugu (10th April). Artista honek bere diseinuak laminetan eta azalean plasmatzen ditu. Bere estiloa old school/tradizional deritzonaren barruan kokatzen da. Bere lanak hiru gai garrantzitsuen inguruan sortuak dira: feminismoa, subkulturak eta langile klasea.
Arratsalde partean, Mr Txoizek berotuko ditu platerrak Hala Bedi Tabernan, Gaztetxeko kontzertuak ailegatu arte. Lizarratik dator eta 10 urte inguru daramatza bere plastikoak festaz-festa pintxatzen. “Luzaketak egin beharko dituzu dantzan minik hartu nahi ez baduzu”, ohartarazi dute The Reggae Train-eko lagunek.
Gauean, Gasteizko Gaztetxeko eszenatokian Trikoma eta The Crepitans egongo dira, Maeztu eta Madrileko soinuak batuz. 2009. urtean, Maeztun sortutako Trikoma banda inoiz baino indartsuago dator, izan ere, diska berria aterako dute berehala. The Skatalites taldearen influentzia handia duen ska musika dantzatu ahal izango dugu beraiei esker. Bestalde, The Crepitans madrildarrak, Liquidator Music zigiluarekin ateratako ‘Tribulations’ lan berria aurkezten izango dira. Sarrera 3€-koa izango da.
Amaitzeko, hiru selektore ezberdin egongo dira oholtza gainean: Palmondo, Big Time eta Toni Dekker.
Eñaut Egiluz AKA Palmondo Iruñeatik dator, Iruñerria Jamaica Clash familiaren ordezkari bezala. Ia hiru urte daramatza platerren atzean, eta hainbat lekutan pintxatzeko aukera izan du, haien artean Beltza Weekend jaialdian. Argi dauka zeintzuk diren bere sustraiak.
Bestalde, Big Time-ko Naken eta Alain, gaztetxea hankaz-gora jartzeko gogo biziz datoz Gasteizera. Lasartear hauek 15 urte daramatzate elkarrekin eta dotoretasunez biniloak jartzen. “Far batzuk bota nahi badituzu eta gainera dantza egin nahi baduzu ez galdu bi ero hauen showa. Dantzatu ala hil!”, argi utzi dute antolatzaileek.
Toni Dekker platerren aurrean urtebete pasatxo darama, baina Gasteiz lehertzeko prest dator skinhead reggae soinuekin.
Zuretzako Mezua, rudie
Reggae Train ekimenaren antolatzaileen artean Zuretzako Mezua kolektiboko kideak daude. Azken hilabeteotan, Gasteizko musikazale eta, batez ere, reggaezaleen artean ezaguna egin den izena da Zuretzako Mezua. Izen horrek, halabeharrez, Dandy Livingstonen erritmo sinkopatuetara garamatza. Hain zuzen ere, kolektiboaren helburu nagusia doinu jamaikarrak Gasteizen zehar hedatzea da; Araba eta bere hiri nagusia Jamaikako erritmo dantzagarriez blaitzea, alegia.
Hilabete gutxi batzuetan ibilbide oparoa osatu dute. Gaur egun ohikoa bihurtu da Zuretzako Mezuko DJ eta selekterrak bere mezua zabaltzen ikustea Arabako tabernazulo, gaztetxe, eszenatoki eta txoko desberdinetan. Ska, rocksteady, reggae, dancehall, dub eta Jamaikako hamaika doinu sastatzen dituzte astebururo. Ezbairik gabe, reggae eszena eraberritu eta indartzeko bidean bere alea jarri dute Zuretzako Mezuko kideek.
Gazteak dira Zuretzako Mezuko kideak. Nekez aurkitu daitezke 25 urte baino gehiagoko mezulariak haien artean. Ikastetxean, auzoan edota tabernetan topo egin eta bere zaletasun musikalak partekatzen hasi ziren. Honekin batera, ezinegon batek hartu zuen gazte hauen burmuina: Euskal Herriko reggearen hiriburua izandakoan (Gasteizen, alegia, legea egiten duten hiri horretan) doinu jamaikarrek doi-doi eusten zioten. Zeozer egin behar zuten. Elizondo tabernan, Kutxi kaleko ska eta rocksteadyren tenpluan eman zioten forma Zuretzako Mezua izango zenari.
Disko jartzaile moduan aritzeaz gain, beste jarduera batzuetara zabaldu nahi dute ekinbidea. Hala, musika jamaikarra eta horri lotutako azpikulturak zabaldu eta horien gainean gogoeta egitea ere dute xedea: hitzaldiak, zineforumak eta abar luze bat. Besteak beste, hasiak dira iada Gasteizko Gaztetxean plater irekiko saioak antolatzen.
The Reggae Train-ak Gasteizen utziko duen arrastoa ikusteke dago oraindik. Baina ereindako hazia loratuko dela argi dago. Asteburu honetako dantzaldiaren ajeak esango du noraino ailegatuko den zabaldutako mezua.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!