Etxegabeen arazoa salatzeko kanpaldia egingo dute gaur
Ostiralean hasiko da, 20:30ean, eta larunbatean egingo duten agerraldi batekin amaituko da.
Gasteizko Eskubide Sozialean Aldeko Plataformak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldeak asanblada ireki bat burutu zuten apirilean Inor ez etxerik gabe eta etxerik ez inor gabe izeneko manifestua sinatzeko. Horretaz gain, epe motzera mobilizazioekin hasteko konpromisoa hartu zuten eta iritsi da lehenengo deialdia.
Maiatzaren 10ean, 20:30ean hasita, kanpaldia egingo dute Plaza Berrian hurrengo eguneko 11:00ak arte. Gasteizen inor ez kalegorrian leloa duen ekimenak, eragile eta sindikatu ezberdinen babesa jaso du: Salhaketa, PDS, Kaleratzeak Stop Araba, OEE Araba, GES, Argilan-ESK, Elkartzen Alde Zaharra, CEAR Euskadi, ADRA fundazioa, ASVE, Errekaleor Bizirik!, ELA, LAB, ESK eta STEILAS.
Manifestua sinatu duten mugimendu sozial eta eragileek, Arabako jendarteari eta bereziki gasteiztarrei helarazi nahi diete etxegabeen arazoarekin duten kezka. “Gure lurraldean, kalean lo egitera behartuta dauden pertsona asko daude, etxebizitzarik ez dutelako edo lo egiteko eta bizitza duina aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa den babeslekurik ez dutelako”.
Salatu dutenez, pertsona hauek behar duten arreta zerbitzua ez dute jasotzen. “Espekulatzaile, putre fondo, banku edo instituzio publikoek etxebizitza negozio bat balitz bezala tratatzen dute eta etxebizitza eskubidea denontzako eskubidea izan ez dadin aktiboki kolaboratzen dute”.
Etxebizitzaren garestitzea eta espekulazio mota guztiak salatzen dituzte manifestuan eta bereziki alokairuko etxebizitzari dagozkionak: “Neurrigabeko prezioak eta gehiegizkoak zein diskriminatzaileak diren klausulak. Era berean, baliabide gutxiko eta premia egoeran dauden pertsonen etxegabetze kasuen igoerak kezkatzen gaitu”.
Maila berean, etxebizitza edo logela baten bila dabilen jendeak topatzen dituen zailtasunak izan dituzte gogoan, “bereziki arrazagatik edo jatorriagatik edo adingabeak kargura izateagatik”.
Egitaraua, orduz-ordu
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!