Luzaketa-lanak, lasterketa handiena prestatzeko
2019ko apirilaren 14an Gasteizen amaituko den 21. KORRIKA prestatzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Alde Zaharrean aurkezpena egingo dute datorren astean, Korrika-denda irekita dago eta asteazken honetan behin-betiko ibilbidea aurkeztuko dute.
Lau hilabete falta dira Euskal Herria goitik behera zeharkatuko duen lasterketa handiena ospatzeko: KORRIKA, 21.edizioa aurtengoa. Abestia eta bideoklipa prest daude eta datozen egunetan ibilbidearen xehetasun guztiak emango dituzte jakitera.
Abestiari dagokionez, aurtengo edizioan, Fermin Muguruzak egin ditu zuzendari-artistiko lanak eta La Furia eta Mad Muasel dira interpreteak.
Aste honetan bertan, asteazkenean, apirilaren 4tik 14ra edizio honek izango duen lasterketaren ibilbidea aurkeztuko dute. Guztira 2.000 kilometro baino gehiago euskararen alde, gau eta egun gelditu gabe, adin eta mota guztietako milaka partaide…
Aurtengo edizioan, gainera, Arabak protagonismo berezia izango du. 2009ko 16. KORRIKA-n gertatu bezala, 2019ko apirilaren 14an Gasteizen amaituko da Korrika. Gasteizen bertan jakingo da KORRIKA-ren sekreturik handienetakoa: lekuko barruan ehunka kilometro egin dituen mezuaren egilea. Apirilaren 4an hasiko da hau mugitzen, Garesen, Nafarroan.
Gasteizko Alde Zaharrean egingo den KORRIKA prestatzeko aurkezpen irekia egingo dute datorren urtarrilaren 17an, ostegunean. “Euskaraldiaren hariari jarraika, Gasteizen amaituko den aurtengo KORRIKA berezia izango delakoan gaude eta hortaz, zuen parte hartzea funtsezkoa eta eskertzekoa da”, adierazi dute antolatzaileek. Aurkezpena Hala Bedi Tabernan izango da, 18:30ean.
Korrika-dendari dagokionez, abendu erdialdetik dago irekita Zapatari kaleko 20. zenbakian. Besteak beste, helduentzako eta haurrentzako arropak, biserak, lepokoak eta giltzatakoak daude bertan salgai. Ordutegiari dagokionez, ostegun eta ostiraletan 18:30-20:30 bitartean egongo da zabalik eta larunbatetan 11:30-14:30 bitartean.
Klika
Klika. Hori izango da 21.Korrika honen mezu nagusia. 20.Korrikan BatZuk izan ostean, hau erabiltzea erabaki dute AEK-ko kideek. “Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita”.
Korrikaren beraren mamiari erreparatuta, Asier Amondo Korrikaren arduradunak eman ditu azalpenak. “Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea». Hala dio 21. KORRIKAren mezuak. Erabat lotuta dago, beraz, Euskaraldiarekin eta ohitura aldaketarekin.
AEK-koen ustez, “klika da konpromisoa, aukera, hautua egitea, euskara, ikastea, erabiltzea, jauzi egitea, komunitatea, hizkuntza, kultura, etorkizuna… Klika gure aukera. Klika AEK. Klika Korrika“.
Txillardegi-ri omenaldia
Urtero bezala, aurten ere euskararen alde lan egin duen norbaiti eskainiko diote Korrika. Eta aurtengo omendua Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi goitizenaz ezagunagoa, izango da. Donostiar hizkuntzalari, idazle eta politikari hau 2012an hil egin zen.
“Txillardegik ere, Klika egin zuen bere garaian, eta jarrera aldaketa bultzatu zuen kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan, politikan… Horrexegatik eta Txillardegik Euskara Batuaren sorreran izan zuen funtsezko paperagatik erabaki dugu Txillardegi omentzea 21. edizio honetan”.
Besteak beste, Euskera, Euzko-gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Tierra Vasca-Eusko Lurra, Herria eta beste aldizkari askotan kolaboratzaile gisa aritu zen eta Branka izeneko aldizkariaren sortzailea izan zen, baita Bat soziolinguistika aldizkariko zuzendaria ere, 1992tik 2002ra.
Politikan ere aritu zen Txillardegi: Ekin eta ETAren sorreran pisu ideologiko handiarekin hartu zuen parte, baita Herri Batasunan ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!