OkupaTU Gasteiz Eguna: debekatu nahi izan duten egun baterako gida praktikoa
Nola izango da urriaren 6ko bazkaria? Zein izango da eguneko ekimen nagusia? Zenbat zutabe daude antolatuta? Zein da eguneko eskaintza kulturala? Galdera hauek eta askoz gehiago erantzun ditugu larunbateko OkupaTU Gasteiz Eguneko gida praktikoan.
Aurrekariak
2018ko urtarrilean aurkeztu zuten OkupaTU Gasteiz dinamika Hala Bedik (35 urte), Gaztetxeak (30 urte), Auzolana Pilotalekuak (10 urte) eta Errekaleor Bizirik!-ek (5 urte). Helburua, euren proiektuen gorazarrea egitea zela adierazi zuten, egun bat gordetzeko deia luzatuz: urriaren 6a. Egun horretan, OkupaTU Gasteiz Eguna antolatzen hasi ziren Gasteizko erdialdean. Bederatzi hilabete beranduago, eta lan eta komisio ezberdinen ostean, eguneko kartela aurkeztu zuten irailaeko lehenengo astean.
Ordu batzuk beranduago, ordea, eta teknikoekin harreman zuzena izan ostean, Gasteizko Udaletik dei bat jaso zuten: ez zuten baimenik OkupaTU Gasteiz Eguna ospatzeko. Asanblada ezberdinen ostean, eguneko formatua aldatzea erabaki zuten: erantzuna eta jaia uztartuko zituen jaialdia izango da urriaren 6koa, “zentsura” salatzeko helburua ere duena.
Manifestazioa
Hasiera batean ez zen manifestaziorik egongo, kalejira soil bat baino. Baina “ospakizun eta erantzun” formatu berri honekin, eguneko lehen ekimen nagusia -zutabeen ostean- 12:30ean abiatuko den manifestazioa izango da.
San Anton plaza hautatu dute abiapuntu bezala, baina ez da ohiko mobilizazioa izango: musika izango da protagonista Ttek! elektrotxaranga eta Perkuneskek lagunduta. Horretaz gain, “koloretsua” izatea nahi dute antolatzaileek, aldarrikapenez betea. Lelo nagusia, azken kartelean aurkeztutakoa: Zuei gustatu ala ez, nos okupamos de Gasteiz.
Zutabeak
Manifestazio nagusiarekin bat egiteko, zutabe ezberdinak antolatu dituzte herri mugimenduko espresio ezberdinek. Osteguneko agerraldian, egunean parte hartzeko deia luzatzeaz gain, euren ekarpena egin nahi izan zioten hamaika eragilek agerraldi masibo batean. “Aletxo” hori, besteak beste, hurrengo zutabeak izango dira, 12:00etan irtengo direnak:
- Aldabe Gizarte-Etxetik: Mugimendu feminista eta preso dauden pertsonen eskubideen aldeko eragileak.
- Leizaola plazatik (Santiago ospital paretik): Okupazioaren aldeko mugimendua.
- Iparralde Gizarte-Etxetik: Pentsionistak eta gazteak.
- Farolonetik (Kutxi kaleko sarrera): Ekologistak eta pertsona errefuxiatuen eskubideen aldeko eragileak.
Bazkaria
“Egunean bertan jakinaraziko dugu nolakoa izango den bazkaria”. Hala iragarri zuen OkupaTU Gasteizek, eguneko behin-betiko egitaraua aurkezteko prentsaurrekoan. Beraz, momentuz, xehetasun gutxi eta larunbatera arte itxaron beharko da albiste gehiago izateko. Bazkariaren ordua, aldiz, manifestazioaren amaieran izango da, 14:30ak aldera. Bertan emango dute bazkariaren formatuaren berri (noiz, non eta nola) eta sare sozialak ere horretarako baliatuko dituzte. “Lasai, bazkaria egin, egingo da”, adierazi dute antolatzaileek.
Aurreko formaturako (debekatu aurreko egitaraua) tiketa erosi zutenek, berriz, txartela erosi zuten tabernara joanez gero, dirua itzuliko zaie.
Eskaintza kulturala
Urriaren 6a ez da soilik aldarrikapena izango eta eskaintza kulturala presente egongo da goizeko lehen ordutik. Horren erakusle, manifestazioan egongo den giro musikatua eta taberna ezberdinetan egongo diren DJ-ak: Alde Zaharreko 20 taberna inguru taberna laguntzaileak izango dira. Taberna hauetan bertako DJ-ak egongo dira arratsalde-gauean zehar musika jartzen.
Gasteizko Gaztetxean ere kontzertuak egongo dira arratsaldeko lehen ordutik, haien artean, aipatzekoak diren bi eta hasierako planteamenduan zeudenak:
- Karrocerias Betoño: Gasteizko punk talde beteranoa, denbora askoren bueltan (bi urte baino gehago) berriz ere oholtzaren gainean egongo dira 20:00etatik aurrera.
- Trikoma: Mendialdeako ska-reggae talde gaztea ere denbora luzez egon da kontzertu bat eskaini gabe. Hala ere, Gaztetxearen 30.urteurreneko diskan parte hartu dute eta aurkezpen jaialdian kontzertu txiki bat eskaini zuten.
Horretaz gain, estilo ezberdinetako bakarlari eta duo-ak igoko dira eszenatokira. Gauari amaiera emateko eta gerria mugitzeko, gaueko ordu txikiak arte, DJ ezberdinak.
Atxikimenduak
350 aurpegi ezagunek, kolektibo, musika talde eta bestelako eragileekin batera, atxikimendua adierazi diote OkupaTU Gasteiz Egunari, Gasteizko Udalaren “zentsura” salatzearekin batera. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Bernardo Atxaga, Toti Martinez de Lezea, Unax Ugalde, Gorka Aginagalde, Iñaki Landa (Zeledon), Juanito Oiarzabal, Einar Galilea, Green Valley edo Irantzu Lekue. Sinatutako dokumentuan, “zentsura” salatzeaz gain, egun hau debekatzearen arrazoia ez dutela ulertzen azaldu dute.
Gainera, Gasteiz hiria kulturari, musikari eta esparru artistikoari dagokionez hiri “aberatsa” dela azaltzen dute, eta, beraz, dinamikako eragileek eskaintzen dituzten espazioak “beharrezkoak” ikusten dituzte. Hori dela eta, eragile hauen (Hala Bedi, Gaztetxea, Auzolana eta Errekaleor) “eszenatokia” eskertu nahi dute. Zerrenda osorik ikusteko klikatu hemen.
Jarraipena
Hala Bedik eguneko jarraipena egingo du eta orduek aurrera egin ahala argazki galeriak igoko ditu webgunera asteburuan zehar. Hurrengo egunetan, berriz, eguneko laburpen-bideoa publikatuko du Hala Bideo taldeak. 11:00etatik aurrera, irratsaio berezia egongo da 107.4 FM-n edo halabedi.eus/online-n.
OkupaTU Gasteizko sareetan ere talde bat arituko da lanean bai Twitterren, bai Facebooken eta baita Instagramen ere. Dinamikako kideen lehenengo adierazpenak manifestazioa hasi baino minutu batzuk lehenago izango dira, 12:15ean San Anton plazan bertan eta eguneko traola #OkupaTU6asteiz izango da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!