“Urritzat” jo dute Gasteizko Mendien babesa zabaltzeko proposamena
Ekologistak Martxan erakundeak uste du Jaurlaritzak gaiaren bueltan hartu duen erabakiaren atzean Azazetako parke eolikoa babesteko asmoa dagoela. through Alea.eus
Jaurlaritzak Gasteizko Mendietako Kontserbazio Bereziko Eremua 5.000 hektarea ingurura zabaltzeko asmoa duela ezagutu eta gero, Ekologistak Martxan talde ekologistak gogor kritikatu du erabakia, eta horren zabalpen “urria” egiteko hartutako erabakiaren atzean “irizpide politikoak” daudela uste du.
Ekologistek babes eremu hori are gehiago handitu nahi zuten —9.000 bat hektarea, ekialdera eta mendebaldera—, baina, helarazi duten ohar baten arabera, Jaurlaritzak uko egin die ekologisten proposamenei. Horregatik, uste dute proposamena Jaurlaritzak ingurumenaren alorrean egin duen “zentzugabekeria handienetakoa” dela, eta erabakiak “gako” diren hainbat zati alde batera uzten dituela. Horrek Arabako eta Euskal Herriko biodibertsitaterako “ondorio larriak” ekarriko dituelakoan daude ekologistak.
“Proposamen horiek aintzat ez hartzeko Eusko Jaurlaritzaren erabakia interes politikoei dagokie, zientzia eta ingurumen irizpideei baino”, kritikatu dute. Zehazki, sinetsita daude erabakiaren zio bakarra dela Azazetako parke eolikoari “eragozpenik ez jartzea”. Hori dela eta, Jaurlaritza eskatu diote kontua berriz pentsatu dezala.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!